EZLEKUBAT

Larry Bird, “amateurismoaren miseriak”

Bizkaiko Nun, Scum to The Leader, Señores edota The Great Barrier taldeetako musikariek osatzen dute Larry Bird taldea. 2013an, euskaraz abestutako intentsitate emozional handiko dozena erdi kantu post-hardcore sareratu zituen laukoteak, baina orain, beste hiru kantu berri sareratu ditu, eta ezusteko handia hartu dugu, taldea nabarmen aldatu baita. Pop esparrura egindako jauzi horren ondorioz, taldeak bere diskurtso propioa osatzeko gai dela erakutsi du. Hala, Inoiz kantua aurten entzun dugun euskarazko pop-doinu ederrenetarikoa iruditu zaigu. Aldaketa horiek ahotsetan ere nabaritzen dira, hein batean, emo ezaugarria atzean utziz. Hiru kantu horiek entzutea baino ez duzue.

Gaur,  ekainak 19, Gorlizko Xurrut pizzerian joko dute, Irun eta Azpeitiko The Inductions eta Orioko Giranicerekin. Era berean, Larry Birdeko taldekideekin mintzatu gara kantu berri horien xehetasunak jasotzeko.

Oker ez banago, lehenengo maketa 2013an argitaratu zenuten, dozena erdi kantu, eta duela egun batzuk, beste hiru kantu. Zer gertatu da tarte horretan? Beste ezer egin duzue?

Xabi: Egia esan, talde moduan bizirautearekin nahikoa izan dugu. Señores topera ibili da, The Great Barrier ere hasi da kontzertuekin eta Alvaro eta Claudio Mobydickekin izan dira taldean. Horri guztiari lanak eta bizitzak gehituta, denbora oso gutxi gelditu zaigu Larry Birdentzat. Halere, hiru kantuok kaleratu ditugu, eta ez da gutxi.

Aipatu duzunez, hainbat taldetan jotzen duzue. Maila berean al daude banda guztiak?

Xabi: Larry Birdekin hasi ginenean karta guztiak jarri genituen mahai gainean: oso ondo ulertzen dugu elkar zentzu musikalean, eta lagun minak gara, baina talde honek ez du lehentasuna, ez gure bizitzarekiko, ezta gure beste proiektuekiko ere. Denboraldi luzeak eman ditugu Larry Birdekin entseatu gabe, besterik gabe, tarterik ez geneukalako. Talde askotan aritze horrek arazoak ekarriko lituzke, espektatiba ezberdinak daudelako kideen artean. Baina hemen ez dago espektatibarik, hasieratik horrela adostu genuelako. Horrela, Larry Birden gertatzen den urrats txiki bakoitza garaipen itzela da. Halere, azken urte eta erdian denbora gehiago kendu digute laneko ordutegiek gure beste proiektuek baino, hori ziur. Amateurismoaren miseriak, badakizu.

Hasierako kantuen eta orain argitaratu duzuen kantuen artean aldea nabaria da. Hasierako emo taldeekiko mimetismoa atzean utzi duzuela esango nuke, hein batean, eta taldearen nortasun propio esnatzen ari dela, pop-aren bidetik. Nola iritsi zarete estadio berri horretara?

Xabi: Gu emo-tik gatoz, ezin uka. Orain, ordea, beste interes musikal batzuk ditugu (edadeagatik-edo izango da), horietaz aparte. Zentzua dauka pentsatzeak bi edo hiru talde ezberdinetan bazaude, bakoitzak ekarpen ezberdina egingo dizula. Modu inkontzientean-edo, hona heldu gara. Gainera, uste dut hasierako ideiarekin hasi ginenean norbere instrumentua modu ezberdinean hartzen saiatu ginela.

Kantu berrietan pop garaikidearen eta klasikoaren uztarketa sumatu dut, horrela al da?

Xabi:Esango nuke gehiago edan dugula Alt-J-tik Itoiztik baino. Hala eta guztiz ere, doinu klasikoak iltzatuta ditugu buruan, nahita nahi ez. Alt-J, Sharon Van Etten, Bon Iver, Alabama Shakes, The National… izen asko daude gure faboritoen artean.

Ahotsetan ere aldaketak sumatu ditut, kontzienteki gertatu al da? Itoizen oihartzunak ere nabaritu ditut. Badirudi euskaraz hitz egiteko zuen modua kantatzera eraman duzuela. Ez dakit azaltzen naizen: zuen kantatzeko modua hitz egiten duzuen modutik gertu dago, ezta?

Goiko: Kantuek eraman gaituzte ahots landuagoak egitera, eta ez alderantziz. Distortsioa ia guztiz kendu, eta ondorioz, ahotsak ibilbide handiagoa izan du. Ez da beharrezkoa denbora guztian oihukatzen egotea ahotsa irteteko. Egia esateko, Itoizen oso fan naiz, baina erreferentzia hori ez genuen buruan kantuak egiterakoan, beharbada, presenteago zeuden: Alt-J, Deleted Scenes edota Portishead (gutxi batzuk esateko, beste mila gustuko ditugu-eta…). Euskaraz jarduteko nahasketa arraroa dugu: euskara batua, ondarrutarra, lekitxarra, bergararra… guztiak hor daude, eta pertsonalitate anitz horren zerbait kantuetan sartu da.

Ekoizpen aldetik ere kantuak landuagoak nabaritzen dira. Ekoizpen kontua izan al da? Orain arte eskuratutako eskarmentuaren emaitza, akaso?

Xabi: Aurreko grabazioko kantuak bat-batean heldu ziren. Elkarrekin jotzen hasi eta lau hilabetean zortzi kantu genituen. Gehiegi pentsatu gabe grabatzera sartu, eta oso emaitza ona lortu genuen. Orain beste erritmo bat daramagu, halabeharrez. Horregatik, kantitate aldetik abesti gutxiago landu ditugu, baina kalitateari dagokionez, askoz landuagoak dira.

Grabazioan We Are Standardeko Jon Agirrezabalaga eta Xabi Egia izan ditugu lagun, eta beraiek borobildu dituzte kantuak.

Hiru kantuok sarean baino ez daude? Saio horietan kantu gehiago grabatu zenituzten? Diskorik argitaratzeko asmorik bai?

Xabi: Momentuz bai. Diskoetxe batzuekin hitz egiten egon ginen binilozko argitalpen bat egiteko, eta azkenean ezer. Gero, gure kontura ateratzea pentsatu genuen, baina kontu bat da dirua ez irabaztea, eta bestea, berriz, dirua galtzea. Diru sarrerarik balego, hori izango litzateke gure lehentasuna.

Kontzertuak, ostera, bai. Gaur bertan, Giranice eta The Inductions-ekin joko duzu. Zeintzuk dira zuen asmoak epe laburrera?

Xabi: Orain arte bezala, gure agendak uzten digun heinean, jotzen saiatuko gara. Bai, gaur, Gorlizeko Xurruten izango gara. Hasiera batean, Erandioko Sentinelen izan behar zen kontzertua, baina arazoak izan dituzte Udalarekin (muxu bat hemendik) eta bertan behera gelditu da. Hortaz, Xurruten egingo dugu, munduan dagoen aretorik onenean. Gero, 26an Donostiako Dokan izango gara Smoke Idols eta Basicekin Irun Rock jaialdiak abiatutako lehiaketaren finalean. Ea ondo ateratzen den eta jaialdian jotzerik dugun. Betalde, aurrera begira planik ez, eta hobe horrela.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button