MUSIKA

“Larra Bideak”, Iñaki Larrayoz musikariaren lehen lana

Iñaki Larrayoz  musikariak bere lehen bakarkako proiektua kaleratu du: Larra Bideak. 2018ko udaberrian Berako Atala estudioan grabatu du diskoa, Iñigo Irazoki teknikariaren laguntzaz eta era analogikoan. Argibel Euba bateria jotzaileak lau abestitan lagundu du, baina gainerakoan Larrayozek berak grabatu ditu diskoan entzuten diren musika tresna guztiak: bai gitarrak, bai baxuak, bai ahotsak, bai perkusioak eta baita teklatuak ere. Irazokik berak egin ditu nahasketak, eta Jonan Ordorikak masterizatu du Azkarateko Mamia estudioan.

Ez da disko kontzeptuala, baina 2015 eta 2017 urteen artean Larrayozek Frantzian egindako egonaldi luze batean izandako bizipenak ditu oinarri, eta badago osotasun asmo bat ere: Zorua abestiarekin hasi, eta Zerua abestiarekin bukatuz. Iñigo Astiz idazle eta kazetariaren laguntza izan du Larrayozek bere esperientziak letra bilakatzeko. Hortaz, “behingoz zerurantz hegaldatzearen eta berriz lurrera erotzearen arteko puntu lauso horretan kokatu du bere musika sortzaileak, esperantzarako zein etsipenerako distantzia berera, eta pop, folk eta blues uztartze intimista baten bidez egiten du zalantzaz eta esperantzaz betetako istante horren erretratu musikala Larrayozek”.

Lander Muñagorri diseinatzaileak egin du diskoaren diseinua, eta Larrayoz bikote modura dabil orain diskoa zuzenean eskaintzen Asier Zudaire musikari nafarrarekin batera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button