IKUS-ENTZUN

Gaur hasiko da Zinegoak jaialdiaren 10. edizioa

Zinegoak Bilboko Gay-lesbo-trans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren hamargarren urteurrena izango da aurtengoa. Hala, gaurtik, urtarrilak 31, otsailaren 9ra bitarte, gai horren inguruko 85 lan ikusi ahalko dira. Filmok 30 herrialde ingurutik iritsi dira Bilbora.

Inaugurazio ekitaldia gaur bertan izango da Arriaga antzokian. Bertan, Gaël Morel-ek ohorezko saria jasoko du. Morel Les roseaux Savages filmeko protagonista da, bai eta Le Clan eta Notre Paradis pelikulen zuzendari eta gidoilaria da, besteak beste. Lehenengo lanak film onenaren saria jaso zuen 2006ko Zinegoak-en, eta bigarrena gaur hasten den edizioan proiektatuko da.

Horretaz gain, Paul Festa zinegilearen The Glitter Emergency film laburra ere izango da ikusgai ekitaldi horretan. Festak, gainera, zuzeneko soinu banda jarriko dio filmari. Srdjan Dragojevic zuzendari serbiarraren Parada film luzearekin amaituko ekitaldia.

Jaialdian izango diren filmei dagokienez, Cannes, Sundance edo Berlinale jaialdietan parte hartu duten hainbat lan ikusi ahalko dira, tartean, Ira Sachs zinegilearen Keep the lights on; Madeleine Olnek-en Codependent lesbian space alien seeks same, edo Xavier Dolanen Laurence anyways.

Euskal autoreen lanak ere bildu dituzte egitarauan: Aiert Goenaga eta Jon Urraza zuzendarien Morritson eta Gartzia lanaren estreinaldia; Roberto Gastonen Ander, eta Folkloricas lesbianas film laburra eta Estereotipoak hausten eta Maskarak dokumentalak, besteak beste.

Filmak Golem aretoetan, Bilborocken, La Fundición aretoan, Arriaga antzokian, BBK aretoan eta FAS zineklubean aurkeztuko dira.

Amaitzeko, aipatu Kanadako The Hidden Cameras taldeak kontzertu egingo duela otsailaren 9ko itxiera ekitaldian BBK aretoan. Taldearen musika gay church folk music (eliza gay-ko folk musika) etiketarekin defini daitekeela, eta taldea Belle & Sebastian eta Magnetic Fields bandekin alderatua izan da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button