EZLEKUBAT

Lander Garro: “Harmonia ez da anti-heroiak sortzeko aldarte onena.”

Lander Garrok (1975, Orereta) Kontrarioa bere lehendabiziko nobela argitaratu berri du Susa argitaletxearen eskutik, aurretik Orain galdera berriak ditut (Txalaparta) narrazio liburua eta Ez merkeenak! Bai onenak! (Alberdania) saiakera plazaratu ditu. Eleberriak Errenteriako Pontika auzoan bizi den Raul Oliveira gaztea du protagonista. Galtzailea, gizartean tokirik aurkitzen ez duena, baina asmoa argia daukana: idazle izatea. 90eko harmarkadan kokatua, kontakizunak Oliveiraren eta bere lagun Oskarren gorabeherak kontatzen ditu. Lana, parrandak, lagunak, ametsak, maitasuna, diskoak, auzoa, eta familia dira, besteak beste, Oliveirak bere ibilbide mingotsean aurkituko dituen bihurgune arriskutsuak. Autorearen hitzetan, liburua anti-heroi baten kontakizuna da: “Jarri ezazu pertsonaia bat bere buruarekin eta gizartearekin haserre dagoena, bere buruarekin eta gizartearekin zorrotza eta kritikoa izango dena, egiak esango dituena hauek mingarriak izan arren, eta eraiki ezazu hala-moduzko trama bat horren zerbitzura”.

Oliveira, eleberriko protagonista, zure alter egoa dela esan duzu. Noraino da Lander Garro eta noraino gidatzen duzu zuk bere bizitza?
Zer da alter egoa? Norberaren nortasun bikoitza, nolabait. Alegia, normalean azaltzen garenaz aparteko beste norbait, baina geure baitan bizi dena. Inauterietan janzten dugun cowboy-a, edo printzesa. Nola azaltzen gara jendaurrean, garen bezala? Zinez ote gara erakusten duguna? Ez, beharbada nahiko genuke bestelakoa izan, orduan alter egoa sortzen dugu, tipo gogorragoa, edo jantziagoa, edo distanteagoa, edo lotsagabeagoa, edo geu baino pixka bat askeagoa. Oliveirari dagokionez, esango nuke badaukala ni naizen honetatik asko, baina, gainera, ni izan nahiko nukeen hori ere badagoela. Bi horiez aparte, sorkuntza literarioa dago, jakina. Ze, esan behar da pertsonaiak beti makurtu behar direla zertxobait istorioaren mesedetan. Ezin dute nahi dutena egin, bestela trama zapuzten dute.

Oliveira anti-heroia dela esango zenuke?
Guztiz, bai. Anti-heroiak gure belaunaldikoontzat oso erakargarriak dira, eszeptizismoan eta porrotean hezituak izan garelako. Istorio ilunak bilatzen ditugu, pixka bat geure istorioaren modukoa izango dena, eta han pertsonaia desastreak sartzen ditugu, geure patua islatzen eta defendatzen jakingo dutenak. ‘Galeraren gudalosteko’ gerlari traketsak dira, beti galtzaileak eta erromantikoak. Uste dut ez dugula horrenbeste geure garaipen urrietan geure burua aurkitzen, geure porrotetan baizik. Gehiago esaten digute gutaz porrotek. Ez dut esan nahi guztiok hala garenik, baina bagara mordoxka bat, friki xamarrak agian, gauetan liburuak irakurtzen ditugunak eta garai bateko kasete zaharrak kaxaren batean gordetzen ditugunak, horiek inoiz ez botatzeko erabaki irmoa hartuta. Eta gu bezalakoontzako, zalantzarik gabe, anti-heroia da benetako heroia, dena aurka izan arren bizitzen tematzen dena, noizbait munduak bere merituak onartuko dituelakoan.



Alde horretatik, antzekotasunik ikusten duzu Fermin Etxegoinen Autokarabana eleberriko pertsonaia nagusiarekin?

Uste dut antzekotasunak badaudela, bai. Nobela eraikitzeko teknika antzekoak erabili ditugu Ferminek eta biok, gurean ez oso erabilia, akaso, baina literaturan milaka bider erabili dena. Jarri ezazu pertsonaia bat bere buruarekin eta gizartearekin haserre dagoena, bere buruarekin eta gizartearekin zorrotza eta kritikoa izango dena, egiak esango dituena hauek mingarriak izan arren, eta eraiki ezazu hala-moduzko trama bat horren zerbitzura. Pertsonaia nondik sortzen den lehen ere esan dugu: geure baitatik. Uste dut (Ferminek esan beharko du hau hala ote den) halako gauzak idazten ditugun idazleok ohituta gaudela minoria izaten, lagunen arteko eztabaidetan adibidez, non beti gauza arraroak defendatzen ditugun, batzuetan benetan sinetsita, eta beste batzuetan izorratzearren. Eta minoria izatea ez da samurra, asko sufritzen da, bakardade asko pairatzen da, eta azkenerako halako diskurtso bat garatzen da berezi xamarra, gerora literaturara eramanda indartsua izan litekeena (asmatuz gero, noski). Labur esanda: harmonia ez da anti-heroiak sortzeko aldarte onena. Nik lagun asko galdu ditut gauzak pentsatzen nituen bezala esan izanagatik, eta hori oso zigor gogorra da, baina badu alde on hori: ahotsa garatzen laguntzen dizu.

Kontakizuna Errenteriako Pontika auzoan kokatu duzu. Toki erabat depresiboa ematen du, iluna. Zoritxarrak jotako tokia. Giro horrek, nolabait, pertsonaiengan sekulako eragin duela dirudi. Giro hori kontakizuneko beste protagonista gisa aurkeztu duzu?
Pontika ez da auzo depresiboa, alderantziz, argiz betetako auzoa da, hiritik aparte dagoena, pilotalekua eta haurrentzako parkea badituena. Hango biztanleak ez dira aberatsak, noski, eta horrek auzoari aire bat ematen dio, elkartasunezkoa eta jatorra. Itxura gutxi egiten du jendeak han. Gertatzen dena da etxeen barruan, kanpotik ikusten ez den intimotasun horretan, gauza txar asko gertatzen direla. Familia kontuak, badakizu. Eta familia kontuak (betiko inkomunikazioa) diru gabeziekin lotzen direnean terribleak izaten dira. Drama ikaragarriak. Gogoan dut familia bat, Pontikakoa: bata jonkia zen, eta bestea udaltzaina. Bata gaindosiz hil zen, eta bestea han dabil, garabiarekin bizilagunen autoa eramaten, ‘polizia’ bizkarrean idatzia. Baina zure galderara itzuliz, esango nuke liburuko Pontika pixka bat deformatua dagoela, tramari hobe zihoakiolako kutsu beltz hori.

90eko hamarkadan dago kokatuta istorioa. Kontrarioa-n irakurri dudanagatik, trantsizioa aro gisa aurkeztu duzula esango nuke: binilo formatutik mp3-ra; grunge estilotik elektronikara; paperetik sarera.
Hala da, bai. Ia oharkabean joan da elektronikaren eta digitalitatearen aurreko aroa, eta neuk hartaz gogoratu nahi nuen. Uste dut biniloen eta cassetteen garaia gaurkoa baino interesgarriagoa zela. Hasteko, diskoak baloratzen genituelako. Diskoak erosteko aste osoa aurrezten pasatzen genuen, eta behin hura erosita, altxorra bezala gordetzen genuen. Alegia: etxeetan altxorrak gordetzen genituen. Gaur ez dugu altxorrik batere. Zein da gure altxorra, pantalla laua duen telebista hori? Txantxarik ez, mesedez. Ezin da telebista bat M-ak-en Barkatu Ama biniloarekin konparatu. Esan nahi dudana da garai hartan Oihuka, Xoxoa eta halako izenak zeuzkaten enpresek hornitzen zutela geure altxortegia, eta gaur hornitzaile horrek Bill Gates izena duela, eta lapur handi bat dela, eta ez garela ohartzen pixka bat presoago egiten gaituela horrek. Pentsatzen jarrita, lehen diskoetan gastatzen genuen dirua, gaur egun Telefonicari ematen diogu, eta gero, hanpatuta, esaten dugu musika doan jaisten dugula: gizarte honetan ez dago ezer ere doan denik, ea hori buruan sartzen dugun. Lehen Metak diskoetxeari ematen genizkion sosak non daude ba orain? Judutarren baten banketxean! 

Musika ere beste elementu garrantzitsua da istorioan. Narrazio guztia bustitzen du. Zergatik horrenbesteko garrantzia eman?
Txiki-txikia nintzela, amak Desde la punta del muelle izeneko kanta abesten zigun, inoiz entzun dudan kantarik tristeena. Hark kantatu, eta geuk, lau anai-arrebok, negar egiten genuen. “Ama, kanta iezaguzu negar egiteko kanta hura”, eskatzen genion. Gero Suso Bahamonde izeneko kantari baten diskoa ekarri zuen etxera, eta Dual markako disko-jogailu batean jartzen zuen. Bahamonde hura galiziar abertzale petoa zen, eta halako gauzak kantatzen zituen: “Espainia nire ama bada, ni putasemea naiz”. Jarri ezazu bere izena google-n, eta ikusiko duzu zer egin dute tipo harekin: lurperatu! Beno, gero beste disko pila ekarri zituen amak, baina gutxika, garai hartako legean, banaka: Xabier Lete, Pantxoa eta Peio, Beatles, Simon and Garfunkel… eta gu musika haren erdian hazi eta ondu, aberastu ginen. Bizimodu hobea eman ziguten kanta haiek guztiek, eta plazer handietako bat eskaini: kantatzeko plazer mugagabea. Orduan, ba, zer nahi duzu, nire abizena baino garrantzitsuagoa da musika niretzat, eta liburuan aise nabari daiteke hori. 

Oskar, Oliveiraren laguna ere nabarmentzeko elementua da. Robin eta Batman ematen dute, hurrenez hurren. Bigarrena lehenengoaren eredu dela dirudi. Oliveirak ez duen anaia nagusia akaso…
Laguntasuna gauza ederra da, ezta? Beti bilatzen dugu zerbait besteekiko harremanetan, oso interesatuak gara. Interesik gabe ez dago harremanik mundu ustel honetan. Elementu batek beste bat topatzen duen bakoitzean, gure baitan daramagun gizaki mizkina esnatzen da lozorrotik, eta zer egin agintzen digu: harremanak ezer ekarri badezake, aurrera. Nik oso esperientzia txarrak izan ditut bizitzan, ez dudalako neurgailu hori erabiltzen. Ez dut zintzo plantarik egin nahi, baina egitan inuxente erromantiko bat naiz. Eta ez dut sendabiderik aurkitzen. Eta ez dut sendabiderik aurkitu nahi, agian. Nik ingurukoak maite ditut, eta horixe eskatzen diet haiei ere: maitasuna. Maitatzeko prest ez badaude, egin dezatela alde berandu baino lehen. Honegatik guztiagatik, argi nuen liburuan protagonistak lagun bat izango zuela, eta liburuaren amaieran irakurleak pentsatu behar zuela: zerk erakartzen ditu hauek biak? Eta erantzuna aurkitzen zailtasunak izango zituela, bi horiek ez baitaude elkarrekin ‘zerbaiten’ bila dabiltzalako, ‘nahi’ dutelako baizik, lagunak direlako eta punto.

Bi lagunak etengabe ari dira xakean. Nondik dator xakearen kontua?
Ni neu askotan ibilia naiz liburuan agertzen den taberna horretan xakean, pasarte autobiografikoena dela xakearena. Ez naiz inoiz jokalari trebea izan, baina asko miretsi izan ditut xakelari onak. Musikarentzako trebeak direnek sortzen didaten miresmena sortzen didate. Badut lagun bat ligan ibiltzen dena, eta garai batean harekin joaten nintzen partidak ikustera. Gogoan dut behin Lazkaon izan nintzela, eta taberna zulo batean sartu nintzela orduak pasatzearren (mugimendu bat egiteko orduak pasatzen dituzte, pentsa zein gogaituta nengoen). Crimen y castigo ari nintzen irakurtzen, eta hura guztia, nolabait, egiazkoa eta fortzatua zen. Ni neu nintzen han zegoena, eta benetan han egon nahi nuen, baina bazen pixka bat nik niretzat eraiki nahi nuen pertsonaia, buhamea eta abar. Ez dakit zergatik eraiki nuen gaur naizen hau, baina seguruen huts egindako maitasunen baten birkonkistan ibiliko nintzen. Maitasuna, beti bezala. Kontua da, edo arazoa da, paper hura asko gustatu zitzaidala, eta, orain ere hura jokatzen jarraitzen dudala, benetan eta esentzian hura banintz bezala. Bizitzaren fartsa betierekoa, badakizu. Orduan, liburuan badago horrekiko begirada sarkastikoa, ze narratzaileak esaten baitu Oliveirak buhame ‘izan nahi’ duela, ez buhame ‘dela’. Kontua da lotsa ematen digula sofistikatuak izan nahi dugula aitortzea, eta horretaz barre pixka bat egin nahi nuen, benetan oso gauza premeditatua eta estudiatua baita modu batekoa edo bestekoa izatea.

Oliveirak azkenik lortzen du bere istorioa aurkitzea bere lehen liburua idazteko. Zuri asko kostatu zitzaizun zure lehendabiziko nobelaren istorioa aurkitzea? Lan neketsua izan da estreinako eleberri hau idaztea?
Gogoan dut liburua idazten hasi nintzenean, nahiko pozik nengoela tonuarekin, sentitzen nuen asmatzen ari nintzela, eta sekulako ausarkeriaz, Koldo Izagirreri bidali nion. Betiko estilo elegantearekin erantzun zidan hark, esanez nobela idaztea oso gauza serioa eta gogorra zela. Oso ondo ulertu nuen bere mezua: ez dagoela literaturarik esfortzu gabe, sufritu gabe, orduak eta orduan idazten eta borratzen pasatu gabe; hots, nire liburua korrika eta presaka idatzitako ‘zirriborroa’ zela, asko jota. Idaztea oso gauza bitxia da: beti jartzen ditugu hitzak elkarren aldamenean, baina gutxitan balio du konbinaketa horrek ezer onerako. Ia beti izaten da txarra edo oso txarra. Orduan asmatu behar da zergatik den txarra, eta nolakoa izan behar duen ona izateko. Hori da idazlearen konpromisoa. Eta denok ez dugu konpromiso hori, ez pentsa. Horrekin ez dut esan nahi nire liburua beste batzuk baino hobea denik, baina esaten ari naiz benetan formula egokien bila ipurdia estutu dudala, askok esan ezin dezaketena, zoritxarrez.

Oliveiraren bizitzari jarraipena emateko asmoa erakutsi duzu. Ibilbide literario luzeko pertsonaia dela uste duzu?
Liburuaren amaiera irekia da, dakizunez. Tentazioa badut beste aukera bat ematekoa, baina badut beldurrik ere. Beste egunean jarraipena irudikatu nuen, eta gero jarraipenaren jarraipena, eta azkenean Oliveira ikusi nuen bere aitarekin; alegia, hasi nintzela pentsatzen, Hollywood-en ideia eskasian dabiltzanean bezala, Oliveiraren ‘jatorria’ idaz nezakeela, eta oso miserable sentitu nintzen. Ez dakit erantzun dizudan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu