ARTEA

Lanak eta Egunak

Ramon Serras artistaren Lanak eta Egunak izeneko erakusketa paratu dute Zarautzeko Torre Luzean. Abenduaren 17ra bitartean ikusi ahalko dira egunerokotasunaren lanak islatzen dituzten obrak.

Andu Lertxundik jarri die bertan agertzen diren irudiei, testu interesgarri eta argigarri bat. “Serrasek zehaztasunez eta gai ezagunari zor zaion begiramenez jasotako arrantzaleen bizitzak aintzina bateko Orduen Liburu haietako baten antza du: eszena ugarien detaile eta uneak harilkatu eta gero, ziriaren bidez lorturik distortsioak sukartasuna eta mugimendua azpimarratzen ditu; kolorearen eztanda eta argiaren haustura lehertarazten; arrasto iheskorren iradokizuna eta formen elkartze erabatekoak bideratzen.
Ramon Serrasen lan honetan bada muga-mugako gaien agerpen ugari, xehe eta etenik gabea. Egon badago atsedenaren aurreko une izerditsu sukartuaren muga. Egunetan eta egunetan horizonte bakarra izan den zeruaren eta itsasoaren arteko marra lanbrotsuak tokia egin dio moilari, zeinak itsasoaren eta lehorraren, lanaren eta atsedenaren, urruntasunaren eta etxearen arteko muga seinalatzen baitu.
Egotez hor daude ur gaineko islak ere. Airearenak. Gorputzenak, ontzienak, objektuenak. Isla gogoangarriak guztiak, egunaren argiari zor zaizkionak batzuk, artistaren ziriari besteak.(…) Garraoioa, garabiak, sokak eta kordelak, kaxak, sareak, gurdiak, ur-tutuak…”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button