Nontzeberri

Lan berriak aste honetan Booktegi plataforman

Aste honetan hiru liburu berri argitaratu dituzte Booktegi plataforman: batetik, Txema Arinasen Azoka kontakizuna; bestetik, Mark Twainen Gizonarentzat egin ote zen mundua?, Ana Moralesek itzulia; eta, azkenik, hainbat egileren hausnarketak Pop Pilulak 6 fanzinean.

Txema Arinasen Azoka kontakizunean honakoa kontatuko zaigu: “ Sei urte inguru pasa egin dira nire hiriko alde zaharreraino igo ez naizela. Ez zait ezer galdu, erantzun ohi diot nire buruari, hirira bueltan nagoela eta norbaitek bertaraino laguntzeko proposatzen didanean. Nire lagun zein ezagunek ordea auzoa zeharo itxuraldatu egin dela egiaztatu ohi didate, inoiz ez bezala txukun-txukun eta aspaldiko partez ere balioztaturik; baina ni beti entzungor…”

Gizonarentzat egin ote zen mundua? idatzian honakoa: “Ia bat nator besteekin. Haiek uste dute mundua gizonarentzat egin zela, nik uste dut litekeena dela mundua gizonarentzat egin izana; haiek uste dute frogarik badagoela, gehienbat froga astronomikoak, mundua gizonarentzat egin izanarenak. Nik uste dut ebidentziak bakarrik daudela, ez frogak, hala izatearenak. Dena dela, goizegi da epaia emateko, oraindik ez dauzkagu datu guztiak…”

Pop Pilulak fanzinearen 6. alean Iñigo Basaguren-Duartek erreferentzia magikoekin jositako artikulu-labirintoa egin zuen: KLF taldea, rave kultura, untxiak, Lewis Carroll, Alan Moore, Echo & The Bunnymen, erritualak… Horrekin batera, Goizalde Landabasok emakumezko beat olerkarien biografia eta poemekin ondutako artikulu interesgarria idatzi zuen, Beat Belaunaldiko emakume ikusezinak titulupean:  Denise Levertov, Elise Cowen, Ruth Weiss, Hettie Jones…
Michiko Kambak, halaber, Elsa von Freytag-Loringhoven Dada Baronesa-ren bizitza eta obra jaso zituen bere testuan. “Duchampek eta Man Rayk New Yorken bizi zen Elsa von Freytag-Loringhoven emakumezko artista germaniarra miretsi zuten, biziki. Bere bizitza bere obra bilakatu zuen”.
Yurre Ugartek eta Iban Zalduak pop kutsuko bi narrazio bikain idatzi zituzten, Lady Amnesy eta Egun gris batean, hurrenez hurren.
Julen Azpitartek Paisley underground eszena musikalari buruzko lana egin zuen: Rain Parade, Dream Syndicate, The Bangles… Xabier Sagardiak, halaber, Weezer taldearekin izandako harremana islatu zuen bere testuan. Antton Iturbek, berriz, Dan Fante idazle estatubatuarrari buruzko testua egin zuen, eta  Iñigo Bidetxeak film surflariak aztertu zituen.

Exit mobile version