ESZENA

“Bakardadeak garaitu zituenak” ikuskizuna, Zigoitian

Abenduaren 3an, 19:00etan eta Zigoitia Aretoan Bakardadeak garaitu zituenak ikuskizuna eskainiko dute.
XX. mendearen hasieran milaka euskaldun abiatu ziren Ameriketako Estatu Batuetara etorkizun hobe baten bila, gehienak Nevada, Montana, Idaho eta Kaliforniara. Nevadara joan zen artzain Txomin Malaxetxebarria gizaburuagarra 19 urterekin eta, bertako basamortuan burua galdu ondoren, Estatuko Espetxeko gas ganberan bizia ere galdu zuen 58 urterekin. Txominek bezala herritik urrun bakardadea lanbide izan zuten etorkin guztiak omendu nahi ditu ikuskizunak.

Balleta, euskal dantzak, bertsolaritza eta musika uztartzen dituen ikuskizun honek, XIX. eta XX. mendearen hasieran Ispaster, Amoroto, Gizaburuaga, Aulesti, Munitibar, Markina, Gernika, Ereño, Lekeitio…, eta baita Euskal Herriko beste herri askotatik ere, Ameriketara artzain joan ziren herritarrak omendu nahi lituzke. Ikuskizun horretan, euren “amerikar ametsa” betetzea lortu ez zuten pertsona haiek omenduko dituzte. Batzuk desertuaren bakardadean zoratu egin ziren, eta asko izan ziren etxera bueltatu ezin izan zutenak.

Hauxe da, hain zuzen, goian aipatutako Gizaburuagako Txomin Malaxetxebarriaren kasua.  1912an, 19 urte zituela, baserria utzi eta Paradisera (Nevada) joan zen artzain.  Desertuko bakardadeak eta bertako bizimodu latzak bere nortasuna okerrerako aldatu zuten, guztiz zoratzeraino; hainbesteraino non ganaduzaleek ez zuten berriz lanerako hartu nahi izan. Kaleetan eskean ibili ondoren, gaixotu eta ospitaleratu egin zuten, eta han erizain bat eta beste gaixo bat hil zituen. 1952ko azaroan gas-ganbaran hil zuten.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button