MUSIKA

Joseba B. Lenoir, Gora Gora Kids eta Munleten disko berriak

Joseba B. Lenoir, Gora Gora Kids eta Munlet musikariek lan berriak plazaratu berri dituzte. Lehenengoak Instroak Vol. 1 lan instrumentala argitaratu du; bigarrenek lau kantuko binilozko garage-punk EP-a, eta Munlet bikoteak Bicefalopedia izenburuko eraso elektro-rock zalea.

Sexty Sexers eta Sumisión City Blues taldeetako gitarra jotzailea da Joseba B. Lenoir, eta bakarka kaleratu berri duen Instroak Vol. 1 izenburuko estreinako lanean, bi talde horietan lekurik izan ez duten pieza instrumentalak bildu ditu. Blues kutsuko doinuak dira, eta etxean -Beran, Gasteizen eta Bartzelonan- grabatuak, nahastuak eta masterizatuak izan dira 2011ko uztaila eta 2012ko otsaila bitartean. Bere bandcamp webgunean entzun ahal izango dira datorren astelehenetik aurrera.

Bestalde, Gora Gora Kids (GGK) laukoteak Horro Songs izenburuko binilozko EPa argitaratu du. Bertan, rock-and-roll instrumentala, 60ko hamarkadako punk nerabeen espiritua eta herri kulturako hamaika erreferentzia jasotzen dira. Taldeak bidali duen oharrean irakurri daitezkeenez, “60ko hamarkadan AEBEtako lurralde sikuetako nerabe surf zaleek egin bezala, lokalean sartu dira berriro ere inolako aspiraziorik gabe, eta amateurismoaren xarma aldarrikatzeko xede sakratuarekin”. GGKren grabazioa haien zuzenekoetan ondo pasatzeko amua da: “Hezurdura astintzeko moduko binilozko disko beltza plazaratu dute. Lau kantu, lau munstro, hilobiaz haraindiko lau izaki”.

Azkenik, Munlet bikoteak ere prest du Bicefalopedia izeneko hirugarren lana. Ina Herr Professor eta Anita Lady Fingers taldekideek aurreratu dutenez, lan hau apaindura gutxiko giro zapaltzailean harrapatuta dator. Diskoa LP eta CD formatuetan eskura daiteke. Taldearen bandcamp webgunean rock eta elektronikaz josiriko lan berri hau entzun daiteke.

Ziur udaberriarekin batera euskal disko gehiago iritsiko direla. Hasteko, hiru hauek maila handia erakutsi dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button