Nontzeberri

“Labo XL1 2019” hizkuntza eszeniko berrien jaialdia, Donostian

Hizkuntza eszeniko berrien aurtengo edizioa iragarri dute, eta Donostiako Tabakaleran eta Kutxa Kulturren ostegunetik igandera bitartean proposamen eszenikoak, esperimentalak eta performatiboak jasoko ditu Labo XL1 2019 egitarauak.

Hala, Tabakalerako Kutxa Kultur eta Convent Garden espazio eszenikoetan  hiru egunez, egitarau oparoa ondu da horretarako. Bihar bertan, ostegunean, Fetopía dantza garaikidearen estreinaldia ondu da eguerdiko 12:00etan. Agus Martinezek gizaki gorputzaren miaketa eramango du oholtzara, bizitzaren lehenengo egoeran. 15 minutuko emankizunean, sorkuntza etengabea dantzan bilakatzen eta itzultzen du Martinezek, “bakarkako lan erreala eta bizian”, koreografoaren esanetan.
Eta 18:00etan, Beatriz Churrucaren Hago Carrera performancearen txanda izango da. Hogeita hamar minutuko emankizuna da eta korrika dabilen bitartean, bi telefonori kasu egin behar dien emakume baten pasarteak kontatzen ditu: erantzun, ebatzi eta erreakzionatu egiten du, baina nekatu eta bere buruaz ahaztu egiten da. Lehenengo pertsonan gertatzen da eta “ebidentziaren erritual modura”, eguneroko bizitzaren adierazpena esparru profesionalera eramaten du kontakizunak. Emankizun biak Kutxa Kultur Plaza espazioan izango dira.
19:00etan, baina Kutxa Kultur Kluba espazioan aldiz,  El Pollo Campero comidas para llevar konpainiak Las actrices siempre mienten antzerki garaikidearen emankizuna eskainiko du. Ikerketa eszenikoa da, emakume antzezlarien unibertsoarekin lotutako estereotipo eta topikoetatik abiaturik. Horiek aitzakia gisa erabiliko ditu, sortzaile eta norbanako gisa interesatzen zaizkigun gaiez hitz egiteko.

Cripta Convent Garden espazioak hartuko du osteguneko egitarauaren azken emanaldia. Gaueko 21:00etan hasita, Amaia Bonok denbora linealki bizi eta gure bizitza munduan lerro paralelo gisa marrazten dugunean sortzen zaizkion galderei erantzungo die: non kokatzen da garaia? Non espazioa? Eta… zenbat modutan izendatzen dugu hori?  Galdera-erantzunak izango dira ardatz bere 40 minutuko performancean.

Jaialdiak aurrera egingo du larunbatera bitarte eta hainbat lan eszeniko ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Hala, bertan izango diren konpainien artean dituzue: Tangel|Benzal, Angela Millano, Node konpainia,Traspasarte, edota Jon Ander Urresti Gure baserri galduen gorputz bizian antzerki dokumentalarekin.

Gainera, topaketa profesionalak eta lantegiak ere antolatuko dira jaialdiaren harira. Las Felliniren  El Show de Las Fellini Kabaret ikuskizun komikoak itxiko du jaialdia, larunbatean, urriaren 12an, gaueko 22:00etan (Cripta Convent Garden espazioa). Jaiak hala ere jarraitu egingo du ondoren, Axel Casas DJ-aren eskutik.

Egunez eguneko egitaraua eta informazio osoa labo.eus webgunean dituzue.