IKUS-ENTZUN

“La Torre de los Siete Jorobados” BilbaoArten

Edgar Neville zuzendari espainiarrak 1944. urtean estreinaturiko La Torre de los Siete Jorobados filma proiektatuko dute gaur BilbaoArten, 19:00etan, Art House Cinema zikloaren baitan.

Nevillek zuzendu eta idatziriko film hau kultuzko lana da; Espainiako zinemagintzan eman duen genero fantastikoko lehendabiziko filma dela esan ohi da. Izan ere, garai hartarako pelikula bitxi xamarra, 40ko hamarkadan Espainiako zinematografian komedia folklorikoak, gerran kokaturiko istorio propagandistakoak, edo arraza goraipatzen zutenak nagusitzen baitziren, besteak beste.

Testuinguru horretan Nevillek Emilio Carrerek idatziriko nobela merke bezain atsegina hartu eta La Torre de los Siete Jorobados filmatu zuen. Filmean suspensea, fantasia eta terrorea uztartzen dira, eta mamuak, konspirazioak, judutarrek eraikitako lur azpiko hiriak, konkordunak, eta ezkutariko altxorrak agertzen dira.

Filmak XIX. mendearen amaiera aldean Madrilen bizi den Basilio Beltran gazte arduragabearen istorioa kontatzen du. Egun batean, erruletara jolasten ari dela, berak soilik ikusi dezakeen pertsonaia bat agertuko zaio. Pertsonaia hori Don Robinsón De Mantua izango da, eta horrek Basiliori eskatuko dio bere ilobak zaintzeko, atzetik nano konkorduz osaturiko sekta bat baitute.

Filma, oraintsu DVD formatuan ere argitaratu da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button