MUSIKA

La Basu, Anier, La Furia eta Audry Funk, Urban Femme jaialdian

Martxoaren 16an, Urban Femme jaialdia egingo da Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean. Emakumeek hiri-musikaren baitan egiten duten lana ezagutarazi nahi du ekimenak. Oholtzan hauexek arituko dira: La Basu, Anier, La Furia eta Audry Funk.

Martxoaren 16ko ekitaldi hori jaialdiaren lehenengo zatia izango da. Donostia Kulturaren arabera, “lehen lagin horretan, arreta musika urbanoko emakumeen presentzia areagotzera bideratu da; hartara, Urban Femmeko line-up-ean guztiak emakumeak dira, agertoki nazionaletan izen handia dutenak”.

Jaialdian parte hartuko duten artisten harira, Anier Bartzelona jaio zen 1998an. Gaztea izanagatik ere, ibilbide nabarmen egiten ari da estatuko rap eszenan. “Artista gaztea bere ibilbidea sendotzen ari da, eta haren jario agresiboagatik eta errima laburrengatik nabarmentzen da, batez ere erritmo azkar eta errepikarik gabekoetan”.

Elena Caballero bilbotarra dago La Basu goitizenaren atzean, eta Euskal Herriko emakumezko rap musikaren ikur nagusia da. Musikaren amorante sutsua da La Basu, rap, soul, dancehall, raggae, R&B, rock, punka eta flamenkoa ditu gustuko.

Rap feministaren ordezkaria da bestalde, Nerea Lorón edo La Furia nafarra. Bere aburuz, rapa gizartea eraldatzeko eta heteropatriarkatuarekin amaitzeko bitartekoa da. Hil honetan Pecadora izenburuko lana estreinatu du.

Azkenik,  Audry Bustos Díaz musikari mexikarra da Audry Funk. “Mujeres Trabajando kolektiboko partaidea da. Hip Hoparen bitartez, baztertze egoeran dauden Pueblako eskualdetako gazte eta nerabeei laguntzen die droga eta delinkuentzia arazoetan erortzea saihestuz”.

Urban Femme jaialdiaren xedea hau da: “EAEko hainbat espazio eta hiritan aritzea da urtero, eta horren barnean, esate baterako, musika interakzioak, ahalduntzeko tailerrak, hitzaldiak eta hip hopeko masterclassak egongo dira”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button