EZLEKUBAT

Tunipanea, “Birziklatzea + elektrizitatea= musika”

Jonathan Garcia Lana artistaren jarduera artistiko eta didaktikoari buruzko dokumentazio biltzen duen lekua da Tunipanea. Aspalditik Bilbon bizi da, baina jatorriz belgikarra da. Sortzaile ipurterrea, makina bat esparrutan aritzen den asmatzailea da: “asmatzailearena, gehien dibertitzen nauen definizioa da”, sortzen dituen tramankuluak soinu-artearen esparruan koka daitezkeen arren. Izan ere, txikitatik sentitu izan du objektu berriak sortzeko grina; hain zuzen ere, hondakinen eta etxeko elektronikaren uztarketatik jaiotako soinudun hibridoak.
Hala, artista hau bere estudioko komuna berritzeko gai da, txizaren oihartzuna anplifikatzeko asmoz, bai eta “Birziklatzea + elektrizitatea= musika” ekuazioa azaltzeko ere.

Zein esparrutan kokatuko zenuke zure lana, musikan ala artean?

Erantzun errazena “soinu-artea” litzateke. Baina egia da niretzat ez dela batere erosoa nire burua nonbaiten kokatzea, betidanik iruditu baitzait nire burua definitzerakoan mugatuko ninduen jarduera dela. Badago asmatzaile gisa aurkezten nauen jendea, eta egia esan, gehien dibertitzen nauen definizioa da, txikitatik asmatzaile izan nahi bainuen (nire barruko haurrak barre egiten du). Ikerketa esparrua, berriz, soinuan aplikaturiko tresna sortzaileen diseinua eta sormena izango litzateke.

“Birziklatzea + elektrizitatea= musika”. Nola azalduko zenuke ekuazio hori?

Nire soinu-tramankulu gehienak txatarraren eta etxeko elektronikaren arteko hibridoak dira. Baina esan behar dut aukerak zabaldu ditudala formula hori idatzi nuenetik, eta orain nire esperimentuetan bestelako bitartekoak erabiltzen ditut, hala nola, eguzki energia, astoak eta lagunak. Beti ere, merezi duten errespetuarekin erabiltzen ditut!

Nola garatzen da zure sormen prozesua?

Egokitu egiten naiz, eta konponbideak bilatzen ditut asmakizun bakoitzarentzat, sortu ahala. Ez da prozesu batere lineala. Proiektu batzuk aurretik marraztu ditut diseinuarekin loturiko zenbait arazo konpontzeko, beste lagun batzuekin kontrastatzeko, eta abar. Beste batzuetan, berriz, informazio nahiko jasota neukan libururen batetik edo internetetik, baina hibernatu egiten dute material egokiak eskuratu arte. Potentzial handia duen objektu bat aurkitzea eta ziztuan lanean hastea ere gertatu zait. Baina, ondo pentsatuz gero, uste dut berezienak serendipia praktikatzen dudanean sortzen dira. Duela gutxi deskubritu dudan kontzeptua da, alegia, gauza ezberdin bat bilatzen ari zaren bitartean, espero ez zenuen zerbait aurkitzea. Hortaz, esan daiteke gauza batzuk etxeko giltzak bilatzen nengoela sortu zirela, kar, kar.

Zeintzuk dira musika-tresna bihurtu dituzun objektu bitxienak?

Nondik hasiko naiz ba… nire estreinako instrumentua Sputnikophone-a izan zen, Alemania komunistako garbigailu zahar baten danborrarekin, pektoralak lantzeko malgukiekin, euritako-ontziarekin, eta loreontzien erretiluarekin eginiko tramankuluarekin. Horrek guztiak beroan sartu den balea baten soinua dauka, pinball makinen ordezko piezekin, telefono bidezko elkarrizketak espiatzeko mikrofonoarekin, eta disko gogor hautsien imanekin fabrikaturiko etxeko aparatu elektroniko bati esker. Hori guztia, era berean, aurreko bizitza batean pate lata bat izan zen karkasan paketatua. Jakina, hortik aurrera eskuetatik ihes zidan… kar, kar.

Sormen prozesutik zein zati duzu gustukoen?

Sormen prozesuaren zati bakoitzarekin gozatzen dut, bakoitza bere erara. Baina egia da, aipaturikoez gain, badirela nire lanari loturiko hain atseginak ez diren zati batzuk. Esaterako, nola borrokatu euren begien bitartez, “artearekiko amodioa” sosak ateratzeko modu gisa ikusten duten eskrupulurik gabeko pertsonekin, gogor lan egiten duen pertsonaren gainetik. Alegia, “bizkarroiak”, garapen kolektibo osasuntsua galarazten duten zomorroak. Adi, plaga baitago eta nonahi daude.

Objektuen sormenaren inguruko tailerrak ere zuzendu dituzu, nolakoa izan da esperientzia hori?

Zoragarria. Egiten dudan beste batzuekin parteka ahal izatea, funtsezkoa da nire ibilbidean. Tailerretan aspektu askok kezkatzen naute, hala nola, irakaslearen eta ikaslearen arteko hierarkia tradizionala haustea, esparru artistikoan izaten den elitismoa, lankidetzako dinamika kritikoak bilatzea, motibazioa kutsatzea, eta egia esan, guzti hori berriro jasotzen dut modu esponentzialean.

Gizarte kapitalistan bizi dugun produktuen gehiegizko kontsumoari eginiko erantzun gisa ikusten duzu zure jarduna?

Bada, horrela ikus daiteke, erantzun zuzen bat ez den arren,  kontzientziatzeko urrats bat izango litzateke. Ez dut uste birziklatzea konponbide bat denik, konponbidea hondakinak murrizketatik etorriko litzateke, birziklatzeko ia ezer eduki arte. Bai, tira, kontsumorako gehiegizko objektuak icebergaren punta baino ez dira.

Ekonomia global batean bizi gara, eta bere oinarria diruzalekeria eta enpatia falta da. Hori dela eta, garapenerako helburu gehienak, bizitza bera bezalako gauza baliotsuak kontserbatzeko beharrezkoak diren balioen gainetik daude.

Banaka eta kolektibo humano gisa eboluzionatzeko inteligentzia emozionala oinarrizko balio legez hartzen dugun pertsonok, kontzientzia global gaixo baten mina sentitzen dugu. Norberak ahal duena egiten du hori gainditzeko, bide zaila da eta oztopoz betea.

Nire lanean hautu bat egin dut, adierazpen tresnak diseinatzen, eraikitzen eta erabiltzen ikastea; bestelako kontzientzia mailetan komunikatzea ahalbidetuko diguten tresnak, emozionalki eboluzionatzeko asmoz. Munduari egiten diodan ekarpena da, eta biziki deseatzen dut erabilgarria izatea garapen osasuntsu baterako.

Zertan ari zara orain?

Beti aritzen naiz proiektu askorekin aldi berean, bakoitzak bere erritmoa eskatzen du. Azken hilabetean, nire estudioa hobetzen jardun dut: materiala fruituen kutxetan gordetzen, gurpildun mahaiak eta apalak eraikitzen, komuna anplifikatzen reverb-arekin txiza egiteko, eta antzeko kontuak. Nire egitasmo berria abiatzekotan naiz: “janaria prestatzen zaratatxoekin”. Laburbilduz, gune-laborategi fisiko eta birtuala kudeatzearen aldeko apustua egin dut, soinuaren inguruan ikasi eta irakatsi nahi duten lagun guztiei irekita dagoena, bai eta instrumentuen eraikuntzan eta elektronika sortzailean interesa dutenei ere, modu familiarrean, errazean eta alternatiboan. Norbaitek informazio jaso nahi izanez gero, posta zerrendan harpidetu dadila (cocinandoruiditos@gmail.com). Agurtu baino lehen aldatu ninduen proiektu musikala zabaldu nahiko nuke, elektroxamanismoa, zerbait berria prestatzen ari gara, kuxkuxeatu nahi duen ororentzat: http://losprimordiales.blogspot.com.es/

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button