MUSIKA

“Kursaal Eszena”denboraldi berria operaz, sinfoniaz, klasikoz edota dantzaz jantzita dator

Pasa den astean iragarri zuen Donostiako Kursaal Eszenak denboraldi berriko egitaraua eta  18 hitzordu proposatzen ditu sasoi berrirako.  Askotarikoak dira gainera ikuskizunak, baina guztien artean azpimarratzekoak dira Wilco, Bryan Ferry, Izaro eta Amaral, pop-rock-aren atalean, eta Mozarten Don Giovanni opera, Turingo RAIren Orkestra Sinfonikoa, eta Norvegiako Irratiko Orkestra eta Dantza Konpainia Nazionala, esparru klasikoan.

Hala, otsaila eta ekaina artean gauzatuko den denboraldia otsailaren 13an hasiko da, Antonio Florio musikologo eta zuzendari ospetsuak gidatzen duen Cappella Neapolitana talde italiarrarekin. Napoliko eskola barrokoko musika-altxorrak zabaltzeagatik da ospetsu taldea, eta Johann Adolph Hasseren  Marc’Antonio e Cleopatra bi ahotsetako serenata ederra interpretatuko du Donostiako auditorioan.

Hasiera indartsu horren atzetik, otsailaren 21 eta 22an, hain zuzen, Marzelo Guzzo baritono uruguaitarrak Mozarten operarik hoberena eta adierazgarriena eramango du oholtzara: Don Giovanni, Opus Lirica konpainiaren moldaketa berriaz, hain zuzen. Baritonoak interpretatuko du Don Giovanniren rol nagusia, eta harekin arituko dira Euskal Herriko beste bi  abeslari ere:  Ainhoa Garmendia (Donna Anna) eta Miren Urbieta-Vega (Donna Elvira).

Operaren ondoren, Turingo RAIren Orkestra Sinfonikoaren bisitaldiarekin, sinfonia klasikoak izango dira protagonista  martxoaren 15ean: Mahlerren  Titan 1.Sinfonia txalotua eta  Mozarten Biolinerako 1 lehen kontzertua. Italiako talderik ospetsuenetako bat da RAIren Orkestra eta James Conlon estatubatuarraren gidaritzapean, interpretatuko du. Salzburgoko jeinuaren gaztaroko obran aldiz, Michael Barenboim biolinista frantsesa izango da bakarlaria, estilo bikaineko interpretea, publikoa hunkitzeko berezko gaitasuna duena.

Gainera, musika klasikoaren atalean, Mozarten Requiem ezaguna ere eskainiko da, musikagilearen hil ondorengo lana, haren ikaslerik hurbilenek amaitu zutena. Interpretazioaren ardura izango dute erabateko kalitatearen bermea diren bi talde germaniarrek: Stuttgarteko Kammerchor eta Hofkapelle; Sarah Wegener (sopranoa), Marie Henriette Reinhold (kontraltoa), Florian Sievers (tenorra) eta Sebastian Noack (baxua) bakarlariekin, hain zuen. Frieder Bernius maisu alemaniarrak zuzenduko ditu guztiak.

Atal klasikoa Dantza Konpainia Nazionalak eta bere Don Quijote obrak osatuko dute. Bertan, Jose Carlos Martinez koreografoak Quiteria eta Basilio pertsonaien larruazalean jarriko dira eta, aldi berean, dantza-taldea erabiliko dute denboraz kanpoko klasiko handi honen ekintzari dinamismo handiagoa emateko. Hitzordu hau, maiatzaren 26an izango da.

Herri-musikaren atalean, aldiz Izaro bakarlariaren emanaldia azpimarratu behar da, Limones en invierno bere proiektu diskografiko berria aurkezteko helburuz, martxoak 21an emango duen kontzertua. Zaragozako Amaral taldeak ere bere disko berria aurkeztuko du, Salto al color, eta abesti berriak eskainiko ditu aurreko zazpi lanetako gaiekin batera (apirilak 18).

Nazioarteko erreferentziak diren hiru artisten saioekin osatuko da Kursaal Eszenaren denboraldi berriko eskaintza: Zucchero (ekainak 19); Bryan Ferry (ekainak 22) eta Wilco (ekainak 30).

Musika familian, gazteenei eskainitako programa-ildo tradizionalak ere, hainbat hitzordu ezberdin izango ditu, esaterako,  Opus Lirica konpainia donostiarraren eskutik  Bazen behin Don Giovanni, jatorrizko operaren pianoarekin egindako bertsio laburtua (otsailak 23); Eko-Musik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelak ekoitzitako kontzertua (maiatzak 16); edota  Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlan estuan eskainiko dituen Eskola Kontzertuak, musika klasikoaren zuzeneko emanaldiak. Horrela, otsailaren 26an eta 27an, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako gela berezi bat izango da Kursaaleko Auditorioa, eta bertan 10 eta 16 urte bitarteko gazteek Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Gelak ekoitzitako Maitasun Epikoak ikuskariaz gozatu ahal izango dute.

Kursaal Eszenaren denboraldi berriko hitzordu musikal hauen guztien aurretik, hala ere,  ba dago azpimarratu behar diren beste bi hitzordu  garrantzitsu ere: Javier Camara  abeslari lirikoaren errezitaldia (urtarrilaren 23an); eta Los Secretos  pop-rock musikaren kontzertua (urtarrilak 31), bi kontzertu horiek emango diotela amaiera, izan ere, abian den denboraldiari.

Informazio gehiagorako, hementxe klikatu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button