ESZENA

“Kupula Bilbao”, antzerkia eta musika ikuskizunez beteta dator Campos Antzokira

Datorren abuztuaren 16tik abenduaren 22ra bitartean, Kupula Bilbao zikloaren programazioa abiaraziko da Campos Antzokian.

Gorka Minezek zuzendutako programazioa helduentzako zein gaztetxoentzako antzerkia, musika eta stand-up ikuskizunez beteta dator, Bilboko konpainia ezagun eta ez hain ezagunen eskutik.

Antolatzaileen esanetan, “Kupula Aretorako programazio berezia da, hiribilduaren antzerki-tradizioa tokiko sorkuntza garaikidearekin lotu nahi duena, eta, aldi berean, egile, zuzendari, interprete eta, oro har, Bilboko profesional eszenikoen lana bultzatu nahi duena”. Gainera, ekimen honen helburua tokiko konpainiei ibilbide artistikoan bide ematea da, “bere ikuskizunei bigarren bizitza bat emateko aukera eskaintzea”.

Era honetan, Bilboko konpainiak protagonista izango diren zikloa, Aste Nagusiko txupina baino egun bat lehenago abiatuko da, abuztuaren 16an, Zelan heldu gara honetara?  obraren estreinaldiarekin. David Caiñaren gidoian oinarrituta, eta  Gorka Minguez eta Caiña beraren zuzendaritzapean, Elenaren istorioa kontatzen duen komedia da. “Elena bere adiskide onenaren senar ohiaz ezinbestean maitemindu den Albaren istorioa kontatzen du antzezlanak. Itxaron. Eta ez bada horrela? Eta Emilioren istorioa baino ez badu kontatzen?. Adiskidetasunaren hirukian denek dituzte minduta sentitzeko arrazoiak, baina inork ez du inori ezer aurpegiratzeko eskubiderik”. Maribel Salas, Gemma Martinez, Mitxel Santamarina eta Gorka Minguez izango dira interpretazio lanetan. Antzezlana, irailaren 8ra arte ikusi ahalko da.

Irailaren 20tik 29ra, bestetik, Nola saldu Heriotza obraren txanda izango da, eguneroko bizitzan gogoan dugun, eta hala ere, hain ezezagun egiten zaigun gai baten trikimailuak azaltzera datorkiguna: publizitatea. Berriro ere, David Caiñaren gidoian oinarritutako obra,  eta  Gorka Minguez eta Caiña beraren zuzendaritzapean.

Zikloak Labur-uneak  obra –antzezlan lagin laburrak- aurkeztuko du abenduaren 6tik 8ra, euskaraz lehen egunean soilik. Ia neguan, abenduaren 20an, Intxixu eta Animal Kabaret musika taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek, rocka, bluesa eta beste musika estilo batzuk nahasten dituen ikuskizuna, poesiarekin, kritika sozialeko edukiekin eta umore-sketchekin batera.

Eta, azkenik, abenduaren 22an, programazioa osatzeko, familiartean gozatzeko euskarazko antzerkia eta musika izango dira gozagai, Kontu Kontari konpainiaren eskutik, oroimenean dauzkagun txikitako abestiak biltzen dituena.

Programazioa egunez egun, eta informazio osoa, teatrocampos.com webgunean duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button