IKUS-ENTZUN

Kulturaz blai dator “Marabilli Sormen Festibala”, Ondarroara

Ate joka dago Marabilli Festibalaren bosgarren edizioa. Aitzol Aramaio zinegilearen ametsa  zen Ondarroako herria kulturarekin bustitzen duen ekimen hau antolatzea, eta kultur sortzaile eta hartzaileen arteko mugak haustea.

Hortaz, Aitzolen oroimena, figura eta lana goraipatzeaz gain, urriaren 3an, 4an, 5ean eta 6an,  kreazioa bultzatzea xede duen kultur ekimen erraldoia ondu da, aurten ere Ondarroan. Eta ohikoa denez, egitarau oparoa ez ezik,  askotariko diziplinak ere jasoko dituen kultur jarduera ezberdinez beteta dator jaialdi erraldoia.

Hala, aurten emakumeek, euskarak eta nazioarteko ahotsek izango dute protagonismo nagusia, eta musika, literatura, kale ikuskizun edota antzerki sormen eta egile ezberdinez osatutako egitaraua ondu da. Hala ere, zinema  izango da festibalaren bihotza.

Punta-puntako euskal zinema izango da protagonista nagusia. Asier Altuna eta Telmo Esnalen Agur Etxebeste!, Koldo Almandozen Oreina, Esnalen Dantza eta Oier Arantzabalen Margolaria ikusteko aukera eskainiko du egitarauak. Eta gainera, David Truebak masterclass bat emango du, jendaurrean bere sekuentzia kutunenak azalduko dituela. “Bost puntako izarra osatu dugu aurtengo jaialdian, esku bete urte betetzen dituenean”, antolatzaileek azaldu dutenez.

Musikari dagokionez, punta puntako taldeak espero dira aurten ere: The Baboon Show, Liher, De Pedro, Keu Agirretxea eta Pablo Novoa, Jotakie edo 90eko hamarkadan euskarara hain soinu berritzaileak ekarri zituzten Hazurbaltzak ondarrutarrak; batzuk aipatzearren.

Literaturan Manuel Vilas Aragoiko idazlea eta Leire Bilbao ondarrutarra izango  dira. Eta antzerkian, Lekittoko Deabruen sua, eta Oh My God Produkzioak konpainiaren eskutik, Zer duzu Amy? obra  zirraragarria.

Festibal erraldoiari Radixu irratian emango diote hasiera ostegun goizean,  irratsaio berezi batekin. Goizeko 11:00etatik 13:00etara, festibalaren aurkezpena eta nondik norakoak azalduko dituzte Manuelistek, jaialdiaren antolatzaileek. Eta 16:30ean, Astillerun egingo den Lurra eta Itsasoa Elias Tañoren grafittiaren marrazketaren ondoren, 19:30ean Marabilli Parade kalejira koloretsua izango da Kofradia Zaharretik Beikozinera, Kresala Musika Bandaren doinuekin, eta Ondarru Arraun Taldeko Arraunlarien parte hartzearekin.

Hala, Beikozinan Marabilli Festibalaren hasiera ekitaldia egingo da pelikula mozketa eta jaialdiaren ezaugarrietako bat bihurtu den 10 minutu saioarekin. Bakoitza hamar minutuz, Leire Bilbao, Aizpea Goenaga, Askoa Etxebarrieta, La Pulga, Alaia Martin eta Aurori Badiola mintzatuko dira “sormen prozesuaren poz eta nekeez, bakoitza bere erara”. Eta ondotik Xabi Bandiniren emanaldia izango da. “Primerako hasiera munduan bakarra den jaialdi txiki honentzat”, azaldu dira pozik antolatzaileak.

Hala, ondorengo hiru egunak ere askotariko ekitaldiz beteta datoz, parte hartzea sustatu eta desberdinen arteko elkarrizketan eragiteko asmoz. “Gazte eta ez hain gazteen artean, gizartearen eta artearen ikuspegi kritikoa zabaldu nahi dugu”, argitu nahi izan dute antolatzaileek.

Egunez eguneko egitarauaren xehetasun guztiak dituzue marabilli.re web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button