MUSIKA

“Kultur” programak makina bat ikuskizun zabalduko ditu asteburuan

Nafarroako hainbat herritan (Tutera, Etxarri Aranatz, Arguedas, Agoitz, Erronkari eta San Adrian), musika eta dantza protagonista izango dira asteburu honetan, Kultur ekimenaren programazioari esker.

Kultur 2020ko programak gaur, irailak 3, izango du aste honetako lehen ekitaldia Tuteran, Los Stompers eta Nuara Irish Dancers taldeen eskutik. Irlandako musikak eta dantzak eskainiko dituzte aipaturiko bandek. Tribute to The Dubliners izeneko emanaldia egingo dute ipuinez, abestiez eta dantzez beterik.

Bihar, ostiralean, Tolosaldeako Tempora taldea arituko da Etxarri Aranatzen. Ibilbide luzeko bost musikarik osatzen dute taldea. 2012an hasi ziren jotzen eta bi disko luze argitaratu dituzte (Mundu berria eta Itzulika). Etxarri Aranatzen beren hirugarren diskoa aurkeztuko dute: Berriro asma nazazu. Eta egun berean baina Arguedasen, The 2 Blues Band izango da.  Bluesa eta soula pasioz bizitzen dituen seikote batek osatzen du taldea. Ehunka kontzertu egin dituzte Chicago Blues estiloaz blai.

Larunbatean, Eluntze Dantza Taldeak dantzak eskainiko ditu Agoitzen. Taldea Mendillorrin eratu da, eta aurkeztuko duen ikuskizuna beren hamargarren urteurrena dela-eta sortu da. Emanaldiak gure geografian barnako ibilbide bat egiten du, dantza eta musika tradizionalak lan honetarako bereziki elkartuz.
Egun bereran, Jorge Sanchez eta Eva Niño musikariak Erronkarira iritsiko dira. Musikari horiek duela 18 urte baino gehiago osatu zuten bikotea eta gitarraren eta biolontxeloaren bidez egiten dute trobaren musika.

Igandean, azkenik, Jo an Swiss Knife taldeak folk musika eramango du San Adrianera. 2014an abiatu zuten beren ibilaldia eta indarrez sartu ziren tokiko agertokietan Music From Small Pink lehen diskoarekin. Orduz gero, ehun kontzertu eta emanalditik gora egin dituzte Europan eta Asian, arrakastaz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button