MUSIKA

“Kultur” musika ekimenaren hitzordu berriak

Nafarroako Kultura, Kirola eta Gazteria Sailak  sustatutako musika programa ibiltariaren baitan, hiru talde nafar izango dira uztailaren 18, 19 eta 20an.

Hala, ostegunean,18an, Baobabs Will Destroy Your Planet iruindar banda independienteak Olaztiko Sarasate Plazan eskainiko du bere ikuskizuna, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Eneko baterian, Amaia sintetizadoreetan, Txemi gitarran, eta Eymard gitarra eta ahotsean, kaleratu berri duten azken lana aurkeztuko dute: Argiaren Abiadura.

Biharamunean, 19an, Artaxonara abiatuko da musika ekimena, eta Buffalo River Band taldeak, rock, blues eta country musika estilo aldartsua eramango du bertara. Jon Andueza baxuan, Javier Inza eta Luis Perez gitarran, Merche Colas ahotsean eta Enrique Lizarraga baterian, Kintana Parkera eramango dute musika 20:30etik aurrera.

Eta larunbatean, uztailaren 20an, Mendigorriara iritsiko da ekimena. Adriana Olmedo izango da bertan Ahotsak azken proiektua aurkezten. Aretha Franklin, Janis Joplin, Nina Simone, Nancy Sinatra, Amy Winehouse, Adele,… abeslarien kanten bertioak egingo ditu, The Disappointments taldeko musikariekin ondoan. Hammond organoaren doinuaren ezaugarriarekin, musika beltzaren eragineko banda da. Kontzertua 20:30ean hasiko da herriko plazan.

Larunbateko musika proposamen hau gainera, herriaren historia ezagutzeko proposamenarekin dator. Andelos hiri erromatarra ezagutzeko aukera eskainiko da bista gidatu batekin. Parte hartu nahi duenarentzat zabalik, 19.00etan izango da hitzordua.

Eta gogoratu ere, Kultur ekimen honekin Kameren aurrean dantzan: Dantzako argazkien bilduma erakusketa bisitatu ahal dela Nafarroako txokorik ederrenetakoan: Bertizeko Jaurerrian. Erakusketa, Xabier Artola argazkilariarena da,  Telmo Esnalek zuzendutako Dantza filmaren filmatze saioetako 32 argazkiekin osatutakoa. Abuztuaren 25era bitarte egongo da ikusgai.

Informazio gehiagorako, joan navarra.es web atarira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button