ARTEA

“Euskararen Lorategia” edo euskararen aniztasunaz

Bilboko San Ignazio auzoan kokatutako Euskararen Etxean, eta bertako Eskola Programaren barruan, 15 eta 18 urte bitarteko ikasleek egindako collageak erakutsiko dira Euskararen Lorategia erakusketarekin. Erakusketa uztailaren 15era arte ikusi ahalko da bertan.

Joxemiel Barandiaran antropologoaren esaldi batetik abiatzen da erakusketa: “Lorategi batean dauden hainbat eta hainbat lore eta landareren artean gu (euskaldunok) gara beste landare bat edo lore mota bat, ezberdina, eta gureak ere, besteak bezala, bizitzeko eskubidea du”. Bada, Barandiaranen hitz horiek oinarri hartuta, ikasleek euskararen askotasunaren eta euskararekiko duten atxikimenduaren inguruan hausnartu dute, jardun artistikoaren bitartez.

Emaitza askotariko landare eta loreekin osatutako lilitegi koloretsua da, “harrigarria, hala eduki aldetik nola estetika aldetik. Izan ere, gazteek haien sormena erakutsi ez ezik, euskararekiko dituzten askotariko jarrerak eta aburuak ere irudikatu dituzte.(…) Interes handiko ekimena iruditzen zaigu, gazteak askatasun osoz aritu baitira euskararekiko dituzten kezkak azaltzen. Horrekin batera, balio artistikoa ere nabarmena da. Ondorioz, ziur gaude bisitariek lorategi honetako lilien usain, forma eta koloreekin gozatuko dutela, baina, era berean, gazteen gaitasun eta kezkez ere ohartuko dira bisitariak, euskara eta gazteak uste baino lotuago baitaude”.

Bertan erakusten diren irudi horietariko batzuk hemen dituzue ikusgai.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button