Nontzeberri

“Kuadrillartekoa” eta “Bardoak” txapelketetako azken saioak

Aramaion jokatu zen Arabako Kuadrillartekoaren bigarren finalaurrekoa. Aramaioko Izenbakuek eta Zalduondoko Lautadako ahuntzak taldeak lehiatu ziren. Epaimahaiak erabakita Aramaioko taldea gailendu zen, beraz, Murgian jokatuko den finalean abestuko du. Hortxe aritzen dira Manex Agirre, Peru Abarrategi, Andere Arriolabengoa eta Danel Herrarte bertsolariak.
Gasteizko Sumendiola poto taldea lehen finalaurrekoan sailkatu zen, eta hirugarren taldea martxoaren 14ko finalaurrekoan sailkatuko da, Amurrioko Kultur Etxean burutuko den saioan.

Beste aldetik, Bardoetako finalari begira daude taldeak. Leitzako Atekaberts komeni taldeak finalerako sailkapena lortu zuen pasa den ostiralean, Atarrabian, Sakaña taldearen aurka jokatutako saioa irabazi ostean. Bardoetako azken edizioan txapeldun izan zen Leitzako taldea. Larunbatean, Tafallan, Barañaingo Hego Haizea eta Berako Lamixene taldeak izan ziren kantuan, parez pare.  Berako taldeak eskuratu zuen saioko puntua, eta beraz, lehen urratsa eman du Lizarrako finalean sartzeko. Beste saio bat gehiago ere izango da datorren larunbatean, Goizuetan. Bertan, Lesakako Arranopola eta Malerrekako Bertsonautak taldeak arituko dira kantuan. Goizuetako saioak zehaztuko du finalista nor den, eta  hiru talde finalistak ezagutuko dira.