Nontzeberri

Krzysztof Kieslowski zuzendari poloniarri eskainitako zinema-zikloa, Iruñean

Iruñeko Kondestableko ekitaldi-aretoan, eta maiatzera bitartean, Krzysztof Kieslowski zuzendari poloniarri eskainitako zinema-zikloa egiten ari da. Zinema-ziklo hori Iruñeko Udalaren eta Bilbao Arte Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmenari esker jarri da abian.

Krzysztof Kieslowski (1941-1996) poloniarra Europa erdialdeko zinema-zuzendaririk ezagunenetako bat izan da. Bere lan aipagarrienen artean Trois couleurs izenekoa dago, Frantziako banderari dedikaturikoa. Trilogia horrek mundu osoan eman zion ospea. Bere lan nabarmenetako bat ere Dekalogoa izenekoa da. Obra horrek Hamar Manamenduetan du oinarria. Kieslowskik erlijioa hartu zuen gizakiaz eta bere kontradikzioez mintzatzeko.

“Nire film guztietan, lehenbizikotik azkenetaraino, agertzen diren gizabanakoek ezin diete erabateko zentzurik aurkitu beren egintzei, benetan ez dakite nola bizi eta, egiazki, ez dakite non dagoen Ongia eta non Gaizkia, eta bilaketan ari dira etsi-etsian”.

Piotr Adamski adituak honela definitu zuen zuzendaria: “Bere ibilbide profesionala 60ko hamarkadaren amaieran hasi zen, noiz film dokumentalak filmatzen aritu zen. Bere filmetan garai hartako poloniarren eguneroko bizimodua erregistratzen zuen: langile bat, alderdi komunistako ekintzaile bat, atezain bat… Kieslowskik aitortzen zuenez, dokumentu-entrenamendu horrek gero egiaren faltsutasuna antzematea ahalbidetu zion.”

Asteburu honetako larunbatean, martxoak 14, El Azar (Przypadek polonieraz) izeneko filma pantailaratuko dute, 19:30etik aurrera. Datozen asteetan bere filmik esanguratsuenak ere ikusteko parada egongo da, tartean,  Gorria, Zuria eta Urdina izenekoak.