BESTELAKOAK

“Nola belztu behar zuria” kontzertu-errezitaldia, Lekunberrin

Joxan Artzeren poemak oinarri dituen Nola belztu behar zuria kontzertu-errezitaldia ondu dute Bide Ertzean taldeak eta Metrokoadroka kolektiboak. Otsailera bitarte, bost emanaldi egingo dituztela iragarri dute. Igandean bertan, hilak 10, Lekunberriko Kantina Rock aretoan izango dira, 19:00etatik aurrera.

Beste lau hitzorduak hauexek dira: Urtarrilaren 15ean, Villabona-Amasako Gurea Antzokian; 29an, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean; otsailaren 13an, Orereta/Errenteriako Mikelazulo Kultur Etxean; eta, azkenik, 28an, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean.

Joxean Artzeren Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza liburuetan oinarritzen da Nola belztu behar zuria izeneko errezitaldia. Bide Ertzean taldeak eta Metrokoadroka kolektiboko Oier Guillan eta Asier Sarasola deklamatzaileek egituratzen dute ikuskizuna. Guztira zazpi poema kanta bihurtu eta beste hogei inguru errezitatuko dituzte kide horiek guztiek. Duela gutxi, Elkar argitaletxeak DVD formatuan plazaratu du ikuskizuna.

Euren hitzetan, “liburuek jorratzen dituzten gaietan erreparatu dugu: maitasuna, bizitza-heriotza, ama-aita, itsu-mutu-gorkeria, olerkaria zuria belzteko tenorean… Artzeren idazkerak dituen ardatzak hartu ditugu aintzat horretarako: musikaltasuna, erritmoa, irudi kateatuak, hitz jokoak, sakontasun lirikoa. Nola belztu behar zuria, funtsean, Joxan Artzeren poesiaren mundu zabala ahots eta doinuz jantzi nahi duen emanaldia da”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button