IKUS-ENTZUN

“Kortxeak eta Krispetak”, zinea eta musika Gasteizen

Oihaneder Gasteizeko Euskararen Etxeak dokumental musikalei buruzko zikloa ondu du Falerina Lorategian, uztailaren 27tik 29ra bitarte, Kortxeak eta Krispetak izenburupean. Bi emanaldiak euskarazko azpitituluekin aurkeztuko dira, eta horiez gainera, uztailaren 29an, kontzertua izango da, Donostiako Nøgen taldearen eskutik.

Ekainaren 27an, The Sweel Season izenburuko filma emango dute. Dokumentalean, Once film musikal ospetsuaren protagonistak izan ziren Glen Hansard eta Markéta Irglová musikari, aktore eta bikotearen istorioa kontatzen da. Filmaren ostean, bi urteko bira nekagarria egin zuten, bien arteko amodioa apurtzear egon arte.

Ekainaren 28an, 22:00etatik aurrera, Jim Jarmusch zinegileak filmatutako Gimme Danger filma pantailaratuko da. Dokumentala The Stooges rock talde mitikoari buruzkoa da. 2016an estreinatutako filmak Iggy Pop eta Asheton anaiek 1960ko hamarkadaren amaieran, Detroiten abiatutako taldearen ibilbidea jorratzen du, Iggyri eginiko elkarrizketetan oinarrituz. Artxiboko material piloa ere biltzen du. Stoogesen itzala izugarria izan da ondorengo belaunaldientzat, tartean, punk-rock eztandarentzat.

Azkenik, hilaren 29an, Donostiako Nøgen taldeak kontzertua egingo du, 21:00etan. Boskoteak folk, pop eta indie doinuak uztartzen ditu. Oihaneder Euskararen Etxearen arabera, “2017. urtean hiru kantaz osatutako EP fresko batekin estreinatu zen, euskarazko eta ingelesezko doinuak nahastuz eta ukelele, gitarra, baxu, bateria eta ahots ezberdinekin jokatuz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button