MUSIKA

Elortegi Anayak etxean arituko dira gaur

Elortegi Anayak talde bakiotarra haien herriko Txoberne tabernan joko dute gaur, lan berria aurkezteko asmoz, Elortegi!!. Bakiokoekin batera, Mamushka! talde bermeotar eratu berria arituko da.

Elortegi Anayak hirukoteak bederatzi kantuko lan berria argitaratu du. Kantuok rock’n’roll gordinetik eta power-pop dotoretik edaten dute. Taldearen arabera, hauexek dira gustuko dituzten taldeak: Buzzcocks, Undertones, Real Kids, Nerves, Hoodoo Gurus, Redd Kross edo Elvis Costello; alegia, rock’n’roll gordina melodia gozoekin janzten dituzten taldeak.

Elortegi Anayak izan baino lehen, Killminister izenarekin igotzen ziren bizkaitarrak oholtzara, baina orain, izen berriarekin, taldea helduago ageri da. Disko berria heldutasun horren seinale da, Aitor Abio ekoiztua, Mungiako Gaua estudioan.

Bestalde, Mamushka! Bermeoko talde sortu berria da, eta kontzertuaren kartelean biltzen denez, “punk post-grunge” jotzen du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button