ESZENA

Koreografia ikusgarriak Eibar, Beasain eta Villabonan

Dantzaren XV. Zirkuituaren barruan koreografia interesgarri batzuk programatu dira datozen egunotarako. Zirkuitu hori Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatzen du, Sarearen bitartez.

Ostiralean (maiatzak 10) izango da lehen hitzordua Eibarreko Coliseo Antzokian. Dantzaz Konpainiak Bat eskainiko du 20:30etik aurrera. Lanaren egitarauak lau koreografia biltzen ditu: Martin Harriague baionarrak, John Gerena kolonbiarrak, Barnaby Booth britainiarrak eta Itzik Galili egile israeldarrak eginikoak. Arras ezberdinak diren lau begiradek bat egiten dute migrazioei, identitateari edota agendaren erritmora eta teknologiara lotuta bizi den gizakiak mundu globalizatuan duen lekuari buruzko kontakizunean.

Egun berean,  Beasaingo Usurbe Antzokian Aukeran Dantza Konpainiak Biz-hitza egingo du, 22:00etan. Ikuskizun honek munduko hizkuntza ororen historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularra kontatu nahi du dantzaren bidez.

Azkenik, maiatzaren 12an, 12:00etan, Kukai Dantza & Brodas Bros taldeek Topa eskainiko dute Villabonan. Plaza batean daude lau gazte, gure edozein hiritako edozein plazatan. Bat-batean, musika entzuten da, eta dantzan hasten dira gazteak. Dantzak egiten ditu diren hori.  Batzuek euskal dantza tradizionalak ikasi zituzten; beste batzuk, berriz, hip-hop dantzariak dira. Kalea, beren bizi-eremua, dute lotune.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button