MUSIKA

Kontzertuz betetako egitaraua uda honetan, “Nafarroako Kultur” ekimenarekin

Nafarroako Kultur 2019 edizioak datorren ekainaren 21ean hasiko du aurtengo programazioa  Lesakan, Balerdi Balerdi nafar taldearen kontzertuarekin. Ekimena, irailaren 7ra arte luzatuko da, eta 35 musika eta dantza jarduera jasoko ditu.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan antolatutako egitarauak, aurreko edizioetan bezala, musika izango du programaren protagonista, folk, jazz, blues, pop, rock eta abesbatzen musika emanaldiekin. Bertan, Nafarroa eta beste autonomia erkidegoetatik etorritako taldeak ez ezik, nazioarteko taldeak ere  parte hartuko dute.

Hala, ekainean programazioa osatuko duten taldeen artean honakoak ikusteko aukera izango da: ekainaren 22an, Martzillan, Nat Simons; 27an, Beran, Izaki gardenak; 28an, Tafallan, Travellin’ Brothers Big Band; eta ekainaren 29an, Orreagan, Nora Abesbatza.

Jarduera guztiak ostegun, ostiral eta larunbatetan izango dira eta Nafarroako zenbait herrietan ez ezik, hainbat interes-gunetan gauzatuko dira programatutako jarduerak, esaterako, Altsasu, Agoitz, Artaxona, Azagra, Bera, Corella, Donamaria, Elizondo, Lizarra, Fitero, Izaba, Leitza, Lekunberri, Lesaka, Lizaso, Lodosa, Los Arcos, Martzilla, Mendigorria, Olivako monasterioa, Irantzuko monasterioa edota Leireko monasterioa, besteak beste.

Gainera, bisita gidatuak ere ondu dira. Esaterako Martzillako Gaztelura, ekainaren 22an; Orreagako Erret Kolegiata bisitatu ahalko da ekainaren 29an; Gayarre eta bere herria, Erronkari, gertutik ezagutzeko aukera egongo da Gayarre Museoarekin; Otsagi herria bertako turismo bulegoen eskutik,  edota Irantzuko monasterioa ezagutzeko aukera paregabea eskainiko du besteak beste Kultur egitarauak.

Jarduera guzti horiei gainera,  Kameren aurrean dantzari, Dantza filmeko argazki sorta bat izeneko argazki erakusketa gehituko zaio, Telmo Esnal zuzendariaren Dantza filma errodatzen ari zen bitartean, Xabier Artola Zubillagak ateratako argazkiz osatutako arte plastiko erakusketa. Berau, Bertizeko Jaurerriko Jauregian, uztailaren 4tik abuztuaren 25era bisitatu ahal izango da.

Kultur programa 1996tik ari da egiten eta Carmen Oroz Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariaren esanetan, “Nafarroako udalerri guztietara kalitatezko kultur programazio anitza eramateko xedea du”. Programaren beste helburu bat, artearen eta kulturaren hedapenean toki erakundeekin lankidetzan aritzea da, Foru Komunitateko eta beste komunitate batzuetako sortzaileak ezagutaraztea, eta hainbat musika estilotako tokiko artistak ezagutaraztea.

Programazioa eta informazio osoa, navarra.es web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu