ARTEA

Emma Kunzen unibertsora hurbiltzeko proposamena, Tabakaleran

Situ-akzioak. Emma Kunz izeneko proposamena egin du Tabakalerak, “familia giroan zentzumenak aktibatu, arteaz gozatu, eta ikasteko.”

Tabakaleran ikusgai dagoen erakusketan sortzaile suitzarraren lanak beste artista garaikide batzuen obrekin elkarrizketan ipini dira. Hortik sortu da Situ-akzioak. Emma Kunz egitasmoa, non ikusleek forma geometriko askotarikoak eta koloretsuak aurkituko dituzten, baita naturari, medikuntzari eta botanikari buruzko erreferentziak ere.
Gainera, “zentzumenak ernatu eta esploratzeko modu amaigabeak deskubritzeko parada izango da: penduluetan kulunkatu, kobazulo batean sartu eta haren soinuak entzun, sendatzeko lorategia bisitatu, esaterako. Elementu horiek guztiak sortzaile suitzarraren pieza eta marrazkiekin zuzenean lotuta daude eta, oraingo honetan, armiarma-sareen gisan, hiru dimentsiotan hedatzen dira, kolorezko harien bidez.”
Bertan, ikusmena, entzumena, usaimena edo ukimena kitzikatzen duten ingurune sentsorialak sortzea izan da diseinuaren eta sorkuntzaren prozesu osoan kontuan hartu den faktoreetako bat.

Hortaz, hori guztia ikusi eta gozatzeko aukera gaur berton, maiatzaren 5ean, izango da, arratsaldeko 17:00etan, Lau Pareta aretoan egingo den irekieran. Situ-akzioak. Emma Kunz abuztuaren 28ra arte egongo da zabalik, eta maiatzean eta ekainean eskolei zuzendutako saioak egingo dira goizez eta arratsaldez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button