BESTELAKOAK

Komikiaren joera guztiak bilduko ditu Getxoko Komiki Azokak

Urriaren 18tik 20ra bitartean, Getxoko Komiki Azokaren 18. edizioa izango da. Kostaldeko herria komikizale guztion biltoki bilakatuko da hiru egunez, nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak eta tailerrak bildu dituen programazio interesgarriari esker. Gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu dute edizio honetako programa.

Joan den urtean bideratu zen bezala, aurtengo azokak bi gune printzipal izango ditu: batetik, Areetako Geltokia plaza, non liburu-dendak, argitaletxeak, merchandising-dendak eta fanzineen salmenta-guneak batuko diren. Eta bestetik, Romo Kultur Etxea, jarduera-programa bizi-bizia hartuko duena. “Eremu bietan adin guztietarako jarduerak antolatu dira” adierazi du  Amaia Agirre Getxoko Alkateak.

Betiko lez, komikigile famatu asko hurbilduko dira Getxora, eta horiek izango dira protagonista nagusiak hitzaldi eta aurkezpenetan parte hartuko dutelako. Aurtengo hitzaldiek gainera, literatura eta zinemarekin loturik etorriko dira. Egileek sinatze-txandak ere egingo dituzte Romo Kultur Etxean zein karpako saltokietan.
Zerrenda oso luzea bada ere (50 artista baino gehiago), batzuk aipatuko ditugu: Gabrielle Bell, Ulli Lust, Max, Judith Vanistendael, Alfonso Zapico, Laura Perez, Javier de Isusi, Salva Espín, David Lopez eta David Lafuente.  Egile gonbidatuen artean nabarmendu behar da Marika Vila “emakumezko-komikiaren erreferentziazko egilea” dena. Aurtengo edizioan berak jasoko du omenaldia burutu duen ibilbide profesionala aintzat hartzeko. Eta omenaldiei buruz berbaz ari garela, esan behar da Bilboko Joker Liburu-dendak beste omenaldi bat jasoko duela. Bilboko Joker liburu-dendak Kultura Ministerioaren lehenengo Kalitatezko Liburu-dendetarako saria jaso zuen. 1994 urtean zabaldu zuten Santutxu auzoan. Handik lau urtetara lekuz aldatu zen, Bertendona kalera. Eta gaur egun,  badira bost urte Euskalduna kaleko 7. zenbakian kokatu dela.

Beste ekimen potente bat komiki-erakusketak izaten dira. Aurten, Romo Kultur Etxean El Víbora aldizkariaren inguruko erakusketa batek hartuko du protagonismoa. Torrene Aretoan, Idazlumak eta binetak: Komiki arabiarra abian erakusketa egongo da. Bizkaia Zubiko plataformetan Higi Vandis ilustratzailearen lanak ikusi ahal izango dira, eta Algortako Kultur Etxean, Iñaket eta Mikel Begoñaren Ötzi, komiki kalkolitiko bat paratuko da.

Komikiaren magia eta komikiaren munduarekin zerikusia duten era guztietako jarduerak gustuko badituzue, Getxoko Komiki Azoka zuen zain dago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button