ESZENA

Komediatik, dramatik eta tragediatik asko duen umorezko kabareta

Gaur goizean, Bilboko Arriaga Antzokian, Tartean Teatroak Simplicissimus lan berriaren aurkezpena egin du. Bertan, Jokin Oregi, Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Adrian Garcia de los Ojos eta Getari Etxegarai bildu dira, azaroaren 26 eta 27an estreinatuko den obraren gaineko zertzeladak emateko. Azpeitian egin den aurre-estreinaldian jaso dituzten txaloek animaturik Simplicissimus umorezko kabaretari buruz berba egitera agertu dira partaide guztiak prentsaurrekoan.

Oraingo honetan, Patxo Telleriak Alemaniara eroango du ikuslea, Nazien garaiko adierazpen askatasuna zertan zen eta horren gainen hausnartzeko xedez. Horretarako, XX. mendeko Europako gerrateko garaian kabareta egin zuten pertsonaia batzuk hartu ditu hizpide, modu horretan, haien lana askatasun osoz egin nahi izateagatik jazarpena sufritu eta sufritzen duten komikoei omenaldi bat egiteko.

Oholtza gainean fribolitatea, satira, drama eta tragediaren bidez umore politikoa zer den, eta bere mugak zeintzuk diren aztertu nahi izan du egile euskaldunak. Eta horretarako, kabareta antzerki mota aukeratu du, “pertsonaia haiek kabareta egin zutelako kontzentrazio esparruen barruan; batzuetan zori bereko beren lagunentzako kabareta egiten zuten, eta beste batzuetan, beren borreroentzat”. Hori baliaturik, umorearen eta bere formen gaineko hausnarketa plazaratu nahi izan du Telleriak, Jokin Oregirekin batera, eta era berean, ikuspegi diakronikoa eskainiko du hasierako urteetako kabaretetik (pozgarria, alaia, transgresorea,…), kabaret politikotik, eta bestelako kabaret kritikotik iraganik. Izan ere, “umorea libertitzeko erreminta bada ere, opresiorako ere balio du”, esan du Telleriak.

Simplicisimus XVII. mendeko Alemaniar nobela pikareskoaren izenburua da, non Hogeitamar Urtetako Gerra-ren izugarrikeriak kontatzen diren umore klabean. Gerrarteko Cabaret baten izena ere izan zen. Lan honen muina, gerrarteko hiru alemaniar komikoen bizitza ikaragarri eta ederra dira: Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Fink. Hiru komiko hauen historia Nazien terrore eta kontzentrazio esparruekin estuki loturik dago. Baina ez dugu naziei buruzko istorio bat kontatu nahi, ez eta kontzentrazio esparruei, ez eta juduen arazoari buruzkoa. (…) Ez ditugu gertaerak kontatu nahi iraganeko pasadizoa bailiran, berriro gertatu daitekeen zerbait bezala baizik.”

Aktoren artean bi emakume daude, gizonen paperak garatuko dituztenak. “Kabaret honetako pertsonaiak emakumezko antzezleek gorpuztuko dituzte, tratamendu historizistatik edota dokumentalistatik urrundu nahi dugula azpimarratzeko”.

Garrantzi handia eman diote musikari kasu honetan, eta Telleriak goraipatu nahi izan du Adrian Garcia de los Ojosen ekarpena, izan ere, “zuzeneko musikaz gozatuko dugu, eta hamabi kanta izango ditugu obran zehar, guztiak originalak eta obra honetarako sortuak”.

Diogun moduan, azaroaren 26 eta 27an estreinatuko dute obra Arriagan, eta makina bat hitzordu dituzte kontrataturik. Hortaz, herri askotan egongo da Simplicisimus lan berriarekin gozatzeko aukera. Martxorako gaztelaniazko bertsioa ere egingo dutela esan dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button