ESZENA

Futbolak ematen dituen bizi-lezioak

Ostiral honetan, hilak 27, Borobil Teatro taldeak Jokoz kanpo antzezlana eszenaratuko du Elorrion. Zelairatuko den taldean puntako hiru aktore topatuko dituzue: Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota. Hirurak partida historikoa egingo dute, izan ere futbolak merezi zuen saio bat, baina irribarreekin kontatuta.

Badakigu futbola jolasa besterik ez dela, hamaika lagunek (gehienetan gizonezkoak) baloi bati ostikoz jotzen diote zelai amaieran dagoen atera sartu nahian. Futbolak lortzen du milaka lagun aldi berean hunkitzea edo hondoratzea. Etengabe iritziz aldatzeko aukera ematen digu, eta itxuraz normala, orekatua eta lasaia den pertsona bat segundo batzuen tartean basati bihurtzea eragin dezake.
Emanaldiak barra-barra ditu umorea eta erritmoa, aktoreek daukaten esketxerako eskarmentua antzerki formaturako egokiro baliatuta. Publikoan barre algarak eragiteaz gain, esan beharra dago obra borobil honek ez duela alferrik galtzen kritika plazaratu eta gogoeta eragiteko beta.

Hiru protagonistari eta futbolak ematen dituen bizi-lezio sakonei esker erakutsiko dute zer den futbola, izan ere, futbola futbola da eta futbola horrelakoa da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button