ARTEA

“Kolorez lanbide” Miguel Angel Eugui artistaren erakusketa, Iruñean

Iruñeko Zitadelako Mistoen eraikinean paratu du Miguel Angel Eugui artistak Kolorez lanbide izeneko erakusketa. Bertan izango da ikusgai datorren urteko urtarrilaren 20ra arte.

Miguel Angel Eugui berak hala definitu ditu bere obra eta ofizioa: “Artistaren kontzeptua ez dator bat nirekin. Nik neuk nahiago dut nirea lanbidetzat jotzea. Ofizio guztiak bezala, eginez ikasten da, hainbat lanabes erabiliz (pintzelak, paletak, mihiseak, bastidoreak..) materiarekin esperimentatzeko, hura itxuraldatu arte. Eta ia alkimikoa den prozesu horretan, inoiz existitzen ez diren irudiak sortzen dira. Orainaldiko momentu mugiezinak, sekula errepikatuko ez direnak. Lantzen dudan materia pigmentoak dira, koloreak alegia, beren nahasketa amaiezinez”.

Margoetan, lehen begi-kolpean ikusten ez diren gauzak ezkutatzen ditu egileak, ilunantzean dauden paisaiak, behaketa luze baten bidez argitutakoan azaltzen direnak. Izan ere, argia, kolorea eta denbora funtsezko bektoreak dira Kolorez lanbide erakusketan, hasieratik beretik bodegoiak ez direlako “natura hilak”, esan ohi zaien moduan, baizik eta denboran harrapatutako natura, une paregabe bat non argi-ilunen angeluazioak amaierako xarma sortzen baitu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button