ARTEA

Kolonialismo osteko garaiak eta mugaz gaindiko diskurtsoak ardatz, Tabakalerako erakusketetan

Tabakalerak Kotoiaren algoritmoak eta On Fail[l]ed Tales and Ta[y]lors bi erakusketa berri zabaldu ditu. Bata, Filipa César (Oporto, 1975) artista portugaldarrarena, eta bestea aldiz, Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbileko Madrassa Collective artista taldearena.

Artista portugaldarraren obrak bere desira bati egiten dio erreferentzia: menderakuntza kolonialaren erregimenean teknologiek, bai analogikoek bai digitalek, partekatzen duten espazio komuna esploratu nahi izateari.

Hala, Kotoiaren algoritmoak proiektuak Creole Loom  ikus-entzunezko instalazioa edota “entsegu filmikoa” da. Bertan, artistak, Tabakalerako arduradunek azaldu dutenez, “Ginea Bissauko kreoleen eta ehungintza-tekniken arteko harremana garatzen du”. Horrez gain, horien atzean ezkutatzen diren “subertsio-kodeak” erakusten ditu. Erakusketa beste bi ikus entzunezko lanek osatzen dute: The Embassy (2011) eta Cacheu (2012).

Bere gainerako obretan bezalaxe, Tabakalerako erakusketan ikusgai dagoen obran ere, bere herrialdearen iragan kolonialarekiko interesak bultzatuta, “zalantzan jarri nahi izan du narratiba historiko eta sistemikoek giza kontzientzia konfiguratu eta zehazteko duten gaitasuna”. Gainera,  zinemagilea ere badenez, dokumentalaren fikziozko alderdietan zein zinemaren eta harreraren arteko mugan jartzen du arreta. Hala, 2011z geroztik, Ginea Bissauko Afrikaren Askapenerako Mugimenduaren zinemaren jatorriak ikertu ditu, narratiba menderatzaileen aurkako erresistentzia-laborategi gisa.

Madrassa Collective artista taldearen erakusketa, aldiz, 2018 urtean Tabakaleran bertan egindako egonaldi artistikoaren emaitza da. Madrassa Collective-ren On Fail[l]ed Tales and Ta[y]lors proposamenak kolektibotasuna nabarmendu nahi du ikerketa eta jarrera kritikotik. Ondoko artistek parte hartzen dute bertan: Yasmina Reggad, Ala Younis eta Sofiane Zouggar, eta Oda Projesi, Suspended Spaces eta Grupo Etcétera kolektiboak, “nagusiki Afrikako eta Ekialde Ertaineko zortzi kidek osatutako elkarte kuratoriala da”, argitu du Madrassa Komisarioak.
Hala, hainbat diziplinatatik datoz (artearen historia, komisariotza-ikasketak, ekonomia politikoa, arkitektura eta zinema) eta askotariko praktikak uztartzen dituzte (ikerketa, kulturaren kudeaketa eta komisariotzaren kudeaketa).

Madrassa Collective taldearen ustez, “erakusketak antolatzea jarduera ikertzaile eta kritikoa da eta elkartearen helburua da praktika kolektiboak eta mugaz gaindiko lankidetzak esperimentatu eta ikertzea da, haien jatorrizko eskualdeetan sorkuntza artistikoak dakartzan zailtasunei aurre egiteko bide gisa”.

Tabakalerako bi proposamenek beraz, izaera kolektibo argia dute, “haien praktika artistikoen abiapuntua eta oinarrizko metodologia kolektibotasuna delako batetik, eta  bestetik, euren interesa kolonia garaiaren osteko eta mugaz gaindiko diskurtsoetan jartzen dutelako” argitu dute Tabakalerako arduradunek.

Erakusketa hauekin batera, jarduera-egitarau oso bat prestatu da. Jarduera horien helburua erakusketetan agertzen diren kontzeptu unibertsalak gure egunerokotasunera hurbiltzea da. Horrela, bisita gidatuak, solasaldiak, filmen proiekzioak, tailerrak edo performanceak izango dira publikoaren eskura datorren urteko otsailaren 16ra arte.

Egitarauaren informazio zehaztua duzue Tabakalerak duen webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button