ARTEA

Alegiazko paisaiak eta ironiaren irudiak

Horixe da Durangoko Arte eta Historia Museoan, martxoaren 14ra bitartean, ikusgai izango den Ramon Zuriarrain (Donostia, 1948) artistaren erakusketaren titulua.

Erakusketa hori azken urteetako (2016-2020) ekoizpenaren hautaketa bat da, bertan mihise gaineko hainbat formatutako 22 olio eta 10 akuarela biltzen dira. Zuriarrainek erakusketa jarri zuen Durangon 1972. urtean eta museoak erakusketa hartako obra bat du, bere ibilbide piktorikoaren  hasierari dagokiona. Orain, berriz ere, “bere alegiazko paisaia fantastikoak ekarri ditu, gizakien eta animalien presentzia ilunak barne, paisaiarekin kamuflaje- eta itxuraldatze-jolas batean”.

Artistak 1973an egin zuen bere lehen erakusketa indibiduala. Ordutik gaur Durangoko Arte eta Historiaren Museoko honetara arte, artista honen ibilbidea batez ere pinturan mugitu da, baina baita aldarte ironiko, umoretsu eta surrealistak eragindako objektu bitxien sorreran ere. Hirurogeita hamarreko hamarkadan, euskal artea berritzen parte hartu zuen Ameztoy, Nagel eta beste artista batzuekin batera, eta, horretarako, egiteko modu piktoriko, ludiko, eszentriko eta ezgaraikoaren joko librea aldarrikatu zuen. Hala, nolabait aldendu egin zen abstraktuen eta figuratiboen arteko liskarretatik.

“Bere paisaiek alegiazko bidezidorren atlas bat osatzen dute, non gizakien presentzia batzuetan ezkutatuta ageri den zirriborro sotilen artean edo itxuraldatuta paisaiaren formetan. Intuitzen denaren eta irudikatuta dagoenaren anbiguotasunaren arteko tentsioaren kariz, bere pintura eta akuarelek zentzumen guztiak aktibatzen dituzte eta interpretazio askotara zabaltzen. Zenbaitetan, ironia irudi luzangen bidez hedatzen da, itzalak kasu, edo margolariaren presentzia ironikoarekin, Las Meninas artelaneko Velazquezen autorretratuaren gaineko erreferentzia sotila eginez. Beste lan batzuetan, paisaian antzaldatutako animalien irudiak edo aurpegiak antzeman daitezke. Alderdi surreala eta figurala agertzen dira etengabeko eraldaketa-prozesu batean etenda dirudien irudikapen-magman”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button