Nontzeberri

Kokein taldeak bere 20.urteurrenean, “Lera” lan berria kaleratu du

Kokein eibartar rock talde mitikoak 20 urte bete ditu dagoneko eszenatokietan, eta bizi-bizirik darraiela erakutsi nahi du taldeak Lera kaleratu berri duten single berriarekin.

Iraganaren itzalak eta Itzalak bi kantuz osatutako lanaz dator oraingoan eibartar boskotea eta euren rock estiloari eusten diote lan honetan ere. Gainera, Itzalak abestiarekin, lanaren aurkezpen bideoa ere egin dute, lerro hauen azpian ikusgai duzuena.

Iker, Zaloa, Txitxes eta Haritz elkartuta sortu zen Kokein 199an eta 2002an, Jatsu gehitu zitzaien. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin atera zuten euren lehen diskoa, Kokein (2002)izenburupean,  taldearen aurkezpena izango zena. Geroztik, beste lau lan atera dituzte: Lotuta egon arren (Gaztelupeko Hotsak, 2004);  Mundu margotu berri bat (Gaztelupeko Hotsak, 2007); Izan (2012) eta  Lurpekhariä (2014), azken biak, taldeak berak ekoiztutakoak.

Hala, 1999tik eta bi hamarkadatan, agertokiz agertoki  ezagutu dugun rock taldea oraingoan ere sasoian dagoela erakustera dator, bere estilotik aldendu gabe, “inkontzienteki bi hamarkada igaro ondoren, pasioa eta grina mantentzen ditugulako”, argitu dute musikariek.  “Taldea, beste gauza guztien gainetik preferentzia bilakatu zaigu eta horren da emaitza da Lera, beste mila gauzari eskainiko ez zeniokeena eskaintzen baitiogu taldeari. Inoiz bizi beharreko beste bizipen batzuk galdu baditugu ere,  askotan honengatik izan da, taldearengatik, Kokenengatik. Eta horregatik orain, lau bosturteko betetzen ditugun honetan, bi abesti berri prestatu ditugu. Irabazi dugun guztia ospatzeko”, argitu dute taldeko kideek.

Lan berrian dagoeneko sarean entzungai baduzue ere, datorren abenduaren 20an, gaueko 22:30ean, Mutrikuko Gaztetxean zuzenean aurkeztuko dituzte Abendurock jaialdiaren eskutik emango duten kontzertuan.

Informazio gehiago duzue, Kokein taldeak duen webgunean.