MUSIKA

Kode 9 eta Frankie Pizá, “Paraleloan”

Musika elektronikoa jorratzen duten Paraleloan izeneko saioen seigarren emanaldia izango da larunbatean, irailak 14, Bilboko Kafe Antzokian: Kode 9 eta Frankie Pizá artistekin. Saioa aretoaren goiko solairuan egingo da, eta 23:30ean hasiko da.

Kode 9 izenaren atzean Steve Goodman musikari eta DJ eskoziarra dago. Aspalditik Londresen bizi, eta bertan musika elektronikoan aitzindaria izan den Hyperdub zigilua abiatu zuen 2004an. Diskoetxe horren bidez hainbat musikarik argitaratu dituzte euren lanak, hala nola, Zomby, Darkstar, eta Hype Williams.

Goodmanek makina bat estilo eta erritmo zabaldu ditu Londresen, eta munduan: dubstep-a, grime-a eta UK funky-a. Egun, footwork estiloa jorratzen ari da: “Chicagoko ghettoan sorturiko dantza erritmo berritzaile bat da; 160 bpm-tara doan eta sanplerrak era ezohikoan erabiltzen dituen house modu basati eta apurtzaile bat, hain zuzen ere”.

Aurten bere bilakaera eta bilaketa etengabea erakusten duen mix bat argitaratu du Rinse diskoetxearen bidez: “Housea eta grimearen bitartean mugitzen diren erritmo mutanteak, 2023garren urteko baxu jamaikarrak, auzo-pobreak eta esperimentaltasuna batzen dituen proposamen ausartak eta batez ere footworka”.

Eskoziarrarekin batera, Frankie Pizá izango da: Concepto Radio editorea da, alegia, abangoardiako musika elektronikoa jorratzen duen Espainiakoa webgune interesgarrienetarikoa. Estreinakoz izango da Euskal Herrian. Musika beltzean da aditua, hip hop-etik hasita, techno-raino.

Paraleloan ekimenari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, honatx Nontzeberrik egindako elkarrizketa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button