LITERATURA

Klasikoen XII. Irakurraldi Jarraituak “Otto Pette” obra omenduko du

Aurtengo Klasikoen Irakurketa Jarraitua aurkeztu dute gaur goizean, Arriaga Antzokiko foyer-ean. Anjel Lertxundi idazlea bertan izan da Otto Pette obrari egingo zaion omenaldia eskertzeko. Izan ere, Otto Pette lanaren irakurketa jarraitua datorren ostegunean, ekainak 6, egingo da Arriaga Antzokian; hamabi orduz jarraian, 08:00etan hasita.

Diogun bezala, Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren hamabigarren edizioak Anjel Lertxundiren Otto Petteren 25. urteurrena ospatuko du.

Euskal literaturaren funtsezko obra hori ekainaren 6an irakurriko da, Bilbo Zaharra Euskaltegiak  ikasleek eginiko ahalegina eskertzeko ontzen duen Euskara Ikasleen Jaiaren barruan, “ikasleek dirua, denbora gastatu eta ahalegin itzela egiten baitute euskara ikasteko”. Horietariko askok parte hartuko dute irakurraldian, izan ere,  400 bat lagun txandatuko dira Anjel Lertxundiren obra irakurtzen. Lertxundik berak irakurriko ditu liburuko lehenengo lerroak, eta gero euskal gizartearen arlo guztietako pertsonak bilduko dira Otto Pette lanaren pasarteak irakurtzeko. Tarten ere, Pariseko, Londreseko, Tokioko, Montevideoko, Kubako, Berlineko, Txileko, Sidneyko eta munduan zeharreko Euskal Etxeetan grabatutako irakurketa-bideoak proiektatuko dira.

Ekitaldia Arriaga Antzokiaren kanpoaldeko pantaila batean eta EITB-ren webgunean jarraitu ahal izango da zuzenean. Azkuna Zentroak, bere aldetik, Kulturen Atarian jarriko du pantaila bat, eta, zuzenean transmititzeaz gain, konexio zehatzak egingo ditu.

Klasikoen Irakurraldiari erromeria batekin emango zaio amaiera, eta musika eta dantza emanaldia izango da Arriaga Antzokiaren aurreko plazan, Bilboko Gaztedi dantzari taldearen gidaritzapean.

Egunotan ere, Bilbo Zaharra Forumek aipaturiko eleberriaren inguruko hitzaldi-sorta bat antolatu du. Gaur bertan abiatuko dira Bilboko Euskaltzaindian jardunaldi literarioak, eta horietan Pako Aristi, Jon Alonso, Tere Irastortza, Garbiñe Ubeda eta Anjel Lertxundi arituko dira.

Gogoratuko duzuenez, aurreko urteetan, Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazio Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren %100 Basque eta iaz Txomin Agirreren Kresala irakurri ziren.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button