LITERATURA

Kirmen Uriberen bizitza eta fikzioa

Gaur aurkeztu dute Kirmen Uribe: Bizitza, Fikzioa liburua, non idazle ondarrutarraren lanaren inguruan hamaika ikerlarik eginiko azterketak batzen diren. Egileak honakoak dira: Hasier Arraiz, Leyre Arrieta, Estibalitz Ezkerra, Miren Ibarluzea, Jon Kortazar, Mari Jose Olaziregi, eta Lourdes Otaegi; José Martínez Rubio (Jaume I Unibertsitatea), María Jesús Nafría (U. Complutense), Luis Martín Estudillo (U. of Iowa) eta Sally Perret (Salisbury University).

Lana Kirmen Uriberen hitzekin hasten da, izan ere, idazle ondarrutarrak Desobedientzia gidaliburua izeneko artikulua idatzi du. Bertan, “desobedientzia-sortzailearen aldeko aldarria egiten du Kirmenek, eta askatasuna goresten du sorkuntzari arnas ematen dioen elementu nagusi gisara. Askatasuna, literatura eta beronen arauak, tradizioa, apurtuz berrikuntzak eragiteko. Berritzailea eta forma berrien esploratzailetzat du bere burua ondarrutatarrak eta euskal literaturak munduari egin diezaiokeen ekarpenean sinesten du”.

Liburuaren edukiei erreparatuz Hasier Arraizek, Uriberen hiru eleberrien oinarrian dagoen helburu eta poetikaz hitz egiten du. Leyre Arrieta historialariak, berriz, Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriaren testuinguru historikoa azaltzen du. Estibalitz Ezkerra University of Califoniat, Santa Barbarako irakasleak, bere aldetik, Bitartean heldu eskutik (2001) poema liburura ikertu du. Miren Ibalurzeak Kirmen Uriberen lanen itzulpenak ditu hizpide, ikuspuntu soziologikotik, eta Jon Kortazarrek, berriz, Bilbao-New York-Bilbao eleberriaren idazkeran internetek izan duen eraginaz hitz egin du.

Liburuko beste artikuluetan, Uriberen lanak, eta bereziki, bere eleberriek, memoria historikoaren berreskurapena nola burutzen duten analizatu da, eta “helburu etiko nabarmena duten narratiba lanak direla azpimarratzen dute, euskal eta europar oroimen kolektiboari ekarpen interesgarria eginez”. Bukatzeko, Sally Perretek Uriberen lanetan proiektatzen den mundu ikuskera bakezaleaz ohartarazi du.

Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Errektoreordetza eta Laboa Katedra dira, Kirmen Uriberen lanari buruzko azterketa kritikoak biltzen dituen lehenengo liburu kolektiboa honen sustatzaileak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button