IKUS-ENTZUN

“Kine Rally”, Amorebieta-Etxanoko film laburren lehiaketarako deialdia

Kine Rally Amorebieta-Etxanoko film laburren lehiaketa azkarraren bosgarren edizioa ate joka dugu dagoeneko.

Ohi bezala, KINE Zineklubak antolatuta,  abenduaren 12tik 15era garatuko da aurtengo lehiaketa, eta bertan parte hartu nahi duenak  azken egunak ditu izena emateko.  Parte-hartzaileen artean 750 euro banatuko dira.

Lehiaketaren helburua, 24 ordutan film labur bat grabatzea da eta  parte hartzaileek  epe horretan burutu beharko dituzte azken unean jakingo duten gaiaren inguruko lanak: gidoia, filmaketa eta edizio lana, hain zuzen.  Edozein hizkuntzatan egindako lanak onartzen badira ere, euskaraz egindakoak hobetsiko dira, eta bereziki,  kontuan hartuko dira Berdintasuna, LGTBIQ+ kolektiboa, kultura-aniztasuna eta elkartasunarekin lotutako gaiak lantzea.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, kalitatea ere balioztatuko dute. Hala ere, kontutan izango dute parte hartzaileek erabilitako bitartekoak ere. Izan ere,  garrantzitsuena, parte hartzea eta  ikus-entzunezkoetara hurbiltzea dena gaineratu dute.

Igandean 12:00etan  Kine Rally gala egingo da Zornotza Aretoan eta bertan erabakiko du epaimahaiak aurtengo saria nork eramango duen.

Azken lau urte hauetan 40 talde inguru aurkeztu dira Kine Rally film laburren lehiaketara eta orain arte landutako gaiak, esaterako, natura eta mendia, Hego-haizea, zoro haizea edota musika izan dira;  eta landu diren generoei dagokionez denetariko lanak burutu dira: drama, komedia, beldurrezkoa, …

Izena emateko eta informazio gehiagorako, zoaz webgune honetara.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button