ARTEA

ONCE-ren nazioarteko argazki lehiaketa ikusgai Donostian

Donostiako Kutxa Boulevard Aretoetan ONCE erakundeak antolatu ohi duen nazioarteko argazki lehiaketaren XI. edizioaren lan sarituak ikus daitezke maiatzaren 27ra bitarte.

Orotara, 72 argazki bildu dituzte erakusketan, horietatik 31 EAEko argazkilariek eginak. Lehiaketan, halaber, mundu osotik iritsi diren 1400 argazki inguruk parte hartu dute.

Lehiaketaren irabazlea Vietnamgo Tuan Hoang Quoc argazkilariaren Hoping to see lana izan da. Bertan, mutiko itsu bat ikusten da xaboi burbuila artean besoak zabaltzen dituen bitartean. Bigarren saria, berriz, Antonio Arangon espainiarrak irabazi du Kids III irudiarekin. Argazkian protesiak jarrita dituen bi oin eta makuluak ikusten dira, zintzilik egongo balira bezala. Hirugarren saria ere Vietnameko argazkilari batek hartu du, Phuc Hgo Quang-ek Champa teacher argazkiarekin.

Bestalde, Javier Martin Martinek Euskal Herriko Lehen Argazkilariaren saria jaso du Lucha II izeneko irudiarekin. Argazkian saskibaloian ari dira jokalari desgaituak. Irudiok Guztiontzako mundu bat, ezintasunak gaindituz izenburupean bildu dituzte eta ikusgai daude Donostiako Kutxa Boulevard Aretoetan maiatzaren 27ra bitarte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button