MUSIKA

Herri Oihua eta Korrontzi taldeek, oporrik ez

Uda garaia izan arren, bertoko musika taldeak lan eta lan ari dira buru-belarria, haientzako oporraldi eguzkitsua lanerako garaia ere badelako.

Esaterako, Barakaldoko Herri Oihua taldeko bost musikari gazteek Ez euren bigarren diskoa grabatu zuten selektibitatea prestatzen ari zirenean. Diskoa atzo, uztailak 19, aurkeztu zuten Bilbon, eta urtebeteko tartean argitaratzen duten bigarren diskoa da. Azken hori, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Banden Lehia lehiaketaren saria izan da.

Diskoa Baga Biga diskoetxeak argitaratu du, eta diskoetxe horretako ordezkari Ritxi Aizpuruk azaldu zuenez, aurreneko diskoaren nagusiak rap eta metal estiloak gutxitu eta bestelako estiloetan murgildu dira gazteak, rock eta pop esparruetan batik bat. Hitzei dagokienez, munduaren “argazki gordina” da kantatzen dutena, baina ez, ordea, ezkorra.

Diskoa Aitor Abio (PILT, Matxura) musikariak ekoitzi du, eta bere lana funtsezkoa izan da lortutako emaitzan. Iker Villa abeslariaren hitzetan, “elkarlana izugarria izan da, gure estiloa eta jarrera ateratzeko gai izan da, guk oraindik ez baitakigu gure gogoa eta griña bideratzen, eta eskertzekoa da”. Halere, eta aipatutako taldeen lehiaketari esker BBK Live jaialdian jendetzaren aurrean jo dute, eta antza maila ona erakutsi dute: “Agertokian jarrera punk zalea erakusten dugu, agian, Barakaldokoak garelako”.

Korrontzi, disko eta bira berria

Korrontzi folk taldeak Tradition 2.1 (Baga Biga) izenburuko laugarren lana argitaratuko du 2013ko azaroan. Grabazioa hainbat herrialdetan burutu dute, eta edukiari dagokionez, tradizioa eta folka gaurkotasunarekin lotuko dute. Taldea egun, etengabe jotzen ari da. Datorren astean, hain zuzen, Erroman (Italia), Frontignanen (Frantzia) eta Cambridgen (Erresuma Batua) joko dute. Abuztuaren 16an, berriz, Zizurkilgo jaietan izango dira, bai eta Altsasuko Cultur 2013 jaialdian ere, abuztuaren 27an.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button