MUSIKA

Keu Agirretxeak bederatzigarren diskoa kaleratu du, “Ura eta bakea”

Keu Agirretxea  konposatzaile eta gitarra jole ondarrutarrak disko berria grabatu eta kaleratu berri du, Ura eta bakea izenburupean. Bere bederatzigarren lana da hau, eta berarekin batera bideoklip bat ere sortu du Gu han egon ginen diskoko laugarren kantuarekin.

Ohi bezala, etxeko estudioan grabatutako lana da, eta Jon Badik (North Waves Sound) Bartzelonan egin ditu masterizazio eta nahasketa lanak.  Mauka disko etxearen eskutik kaleratu duen lan berrian, 8 konposizio berri jasotzen ditu pop estilo ezberdinak uztartuz,  baina berezkoa daukan tonu intimista eta goxoa mantenduz.

Ahotsa, gitarra akustikoa eta gitarra elektrikoaren melodiekin batera, zenbait kolaboratzaile izan ditu bakarlariak, horien artean, Gotzon Barandiaranen koruak Mamutzarra kantuan, Olatz Salvadorren ahotsa Bidaiari konposizioan, Joseba Irazokiren koruak entzun daitezke  Moussanbani abestian, edota Izaskun Muruagarenak Berdinduak kantan.

Kantuen hitzak sortzeko ere izan du lagunik. Hala, Ura eta bakea diskoari izenburua ematen kantuari Aiert Goenagak jarri dizkio hitzak, baita Bidaiari, Bidea eta Moussanbani kantuei ere. Inorezen herriari kantuak, aldiz, Nerea Arrienen hitzak ditu; Gu han egon ginen bideokliparen kantuak Eneko Garmendiarenak daramatza; Mamutzarrak abestiak, Gotzon Barandiaranenak; eta Txiki Lauzirikak jantzi du Berdinduak konposizioa.

Bakarlari gisa ibilbide oparoa egin du Keuk eta Ura eta bakea (2019) lan berri honen aurretik ere beste zortzi ditu kalean: Nomadak eta kofrea (2016), Behe presioaren erdigunean (2013), Denbora vs kantuak (2010), Une akustikoa (2008), Fignuh hystreld (2005), Ganbaratik (2003), Uek (2000) eta Improphono (2017), azken lauak, instrumentalak.

Artista desberdinekin kantatzeko aukera ere izan du ibilbide horretan, Jairo Zavala Depedro, Joseba Irazoki, Izaro edo Jon Gurrutxagarekin, esaterako. Eta baita zuzenekoetan kontzertuak jotzeko zein grabatzeko ere, besteak beste, Pablo Novoa, Pancho Amat, Afrika Bibang, Xabi Solano, Amorante, Olatz Salvador, David Bao eta Haimar Arejita, adibidez. Eta esperimentaziorako tartea ere izan du, Avant-garde eta Xabier Iriondo (Afterhours) musikari italiarrarekin, esaterako, KX proiektuan. Gainera, Gitarra liburua  ere argitaratu zuen 2017ko neguan, ondarrutarrak sortutako konposizioen partitura eta tablatura liburu bat, Fingerpicking teknikan oinarritua. Eta antzerkirako ere egin ditu musika grabazioak, Hozkailua eta Boxon(s) antzezlanetako adibidez.

Diskoa eta bideoklipa dagoeneko plataforma digitaletan entzungai eta ikusgai badituzue ere, datorren abenduaren 7an, Durangoko Azokan aurkeztuko du Ahotsenean, eta azokan bertan ere eskuratu ahalko duzue disko berria. Informazio gehiago duzue Keu Agirretxeak duen web orrialdean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button