ARTEA

Mota guztietako estiloak, teknikak eta gaiak, “Distirak” izeneko erakusketan

Vital Fundazioaren Araba Aretoan, eta martxoaren 8ra arte, EHUko pintura masterreko ikasleen talde-erakusketa izango da ikusgai: Distirak.

Distirak erakusketan ez dira ikasleen ikasketa-amaierako lanak ikusiko, baizik eta amaierako lan horien atalak. “Une honetan mota guztietako estiloak, teknikak eta gaiak daude aldi berean eta erakusketa hau aniztasun horren lagin txiki bat besterik ez da, pinturan ardaztua, guk ulertzen dugun eran, hau da, bakoitzak bere begirada partikularretik”.

Erakusketaren antolatzaileek honako datuak eman dituzte parte hartu duten artistei buruz: Susana Diezek naturak topaketa txikiak nola eskaintzen dizkigun deskubritu du, eta Pedro Alonsok, Palentziako mendiek bere pinturetan izan duten eragin izugarria islatu nahi izan du bere lanetan. Marta Ubiernak, bere aldetik, izaki bizidunen eta elementu arkitektonikoen dualismoak aukeratu ditu. Marina Massidda espazioaren hierarkiak apurtzen saiatu da eta kaosa ordenatzen. Ane Camposen lanak, elementu aldaezina balitz bezala aurkeztu arren, bere prozesuaren ibilbide aldakorra, dinamika eta espontaneoa iradokitzen du. Manolo Mesaren lanean eguneroko objektuen lotura eta esanahi intrintsekoa erakusten da, espazioarekin duten harremanean. Jennifer Alonsok naturarekin elkarbizitzan, paisaian konfiguratzen diren marrazkien bilaketa burutu du, eta Loli Martinezek, ezaugarri distortsionatuak dituzten emakume-taldeak aurkeztu ditu. Xabier Goikoetxeak dena zeharkatuko duen tximista bilatzen ari da, irudia erradiografikoa izan dadila, xumeena ikus dadila bertan. Irene Carmonaren pinturak, ordea, emakumezkoaren giza figuran zentratzen du bere interes formala. Iñaki Abaliak lan eraikitzailea aurkeztu du, baina aire anbiguoan bildua, zeinetan lehenengo planoan etzanda dagoen figura zentral batek, sarkofago baten antzera, paisaia-nahaste bat ikusten uzten duen, elementu desberdinez osatutako puzzle eran zatikatuta. Maider Santosen lanean paisaia sotila aurki dezakegu, zeinetan poesiaz beteriko begirada gailentzen den. Jon Lopez-Arosteguik etengabe metatzen/suntsitzen/mugitzen diren askotariko materialekin ikertzen du. Endika Ruizek, pintatzen dituen gauzak, formak espazio batean hezur-mamitzeko interesetik sortzen direla azalduko digu. Santiago Castroren piezen protagonista rockaren mitologia da (argia, kolorea eta atmosfera), alegoria eran. Beste alde batetik, pintura sortze-lanaren kaosa, narrazioarena, kaos emozionalarena, absurdo politiko eta soziala dira nagusi Javier Moureren margo-lanetan. Azkenik, Asier Martisen lanak ordezkaria, ordezkaritza eta ordezkatuaren arteko erritualari heltzen dio.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button