LITERATURA

Katakrakek “Michael Kohlhaas” berrargitaratu eta eguneratu du euskaraz

Xabier Mendigurenek ekarri zuen euskarara Heinrich von Kleist (Alemania,1777 – 1811) idazlearen Michael Kohlhaas duela 25 urte, zeina Katakrakek berrargitaratu duen, eguneratuta. Gaur aurkeztu dute berrargitalpena Donostian, eta Joseba Sarrionaindiak egindako hitzaurrearekin dator.

Katrakaken arabera, Alemaniako Erromantizismoak emandako idazle azpimarragarrienetarikoa izan zen Heinrich von Kleist. “Poesia, antzerkia, eleberriak, ipuinak eta kazetaritza landu zituen. Bere lanetan norbanakoak bizitzan dauzkan mugak landu zituen eta XX. mendeko espresionismo alemanaren aurrekaria izan zen”.

Heinrich von Kleist idazleak parabola artegagarri bat eraikitzen du, justiziaren desioa lortzeko ezintasunari buruzkoa. Alemaniarrak mundua zekenkeria eta atsekabez betea sentitu zuen, oinazetutako sortzailea izan baitzen. Hala, kontakizunaren protagonista Kohlhaas behin eta berriro saiatuko da tokiko agintariek modu despotikoan eta krudelki kendu dizkioten zaldiak berreskuratzen eta era berean, justizia aldarrikatzen.

Honatx liburuak dakarrena: “—Pasa-agiria? —galdetu zuen Kohlhaasek. Ezbaiti samar aditzera eman zion, berak zekienez, ez zeukala horrelakorik aldean zeraman ziurtasunik; baina ugazabaren zer gauza zen hura deskribatzen bazioten, bazitekeela haietaz ere halabeharrez horniturik ibiltzea. Zeharretara begiratuz, alkaideak aurpegira bota zion Printzearen baimenik gabe ez zeukatela zaldi-tratulariek zaldiekin mugatik pasatzerik. Tratulariak ziurtatu zion hamazazpi alditaraino gurutzatu zuela muga paper haiek gabe; oso ongi ezagutzen zituela bere negozioari buruzko Printzearen xedapen guztiak; derrigor kontutan hartzeko errakuntza bat zela, eta huskeriekin denborarik ez ziezaiola arren galdaraz, oraindik ibilaldi luzea geratzen zitzaiola-eta. Baina alkaideak erantzun zion hamazortzigarren aldian ez ziola eskuetatik ihes egingo”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button