LITERATURA

Karlos Gorrindo idazleak “Funanbulistaren beldurra” aurkeztuko du gaur

Funanbulistaren beldurra (Erein) lana aurkeztuko du Karlos Gorrindo idazleak streaming bidezko aurkezpenean, gaur, ekainak 3, 11:00etan. Hauxe duzue sartzeko esteka.

Ez da erraza zauriak erakutsiz idaztea, ez da erraza ispiluaren aurrean jartzea, urteen iragaiteari aurre egitea eta gertakarietara orduko pentsaerarekin hurbiltzea. Gorrindok hamasei urteko bere kartzelaldiaren kronika egin du, material humanoa eta literarioa erabiliz.

Liburuak bere baitan dakarrena pentsamendu eta filosofia baten bilakaera da, pertsonal eta humanoa, bilakaera politikoa. Baina ez, ostera, bilakaera ideologikoa. Testuinguruak garrantzi handia du bilakaera horretan.
Idazleak berak dio, “nitasunetik gutasunera dagoen jauzia hasieran eta gutasunetik, berriro, nitasunera. Nor garen eta zer garen baldintzatuta egoten dira. Horrela soilik emango zaio esan eta egiten duzunari dimentsio eta ulergarritasun handiagoa. Ekintza bat berez eta bere horretan, ona edo txarra izan daiteke, goratzekoa edo gorrotatzekoa. Baina definizio horiek erabat alda daitezke testuinguru jakin bat ematen bazaie. Edo ez. Hirurogeita hamarreko azkenaldeko eta laurogeiko hamarkadako konbultsio politikoa testuinguratzen ez badugu, errealitatea distortsionatuta agertuko litzaiguke begietara, eta giro hura salbajadatzat ulertuko lukete askok. Behar bezala testuinguratuta: Franco diktadorearen azken fusilatzeak. Franco hil, frankismoaren jarraipen maskaratua, demokrazia tutelatua, gure herriaren askatasun egarria. Txiki Benegas Autodeterminazioa goiburu zuen pankartaren atzean Bilboko manifestazio batean, ETAren jarduera armatuak gizartearen eraldaketa ekarriko zuen sinesmena…. Hori guztia kontua hartuta eta testuinguratuta ulertzen da erabilera armatuaren gorakada eta gazte jendeak bide hori aukeratzeko hartutako erabakia”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button