BERTSOTAN

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen ibilbidea oparoa

Atzo aurkeztu ziren Villabonan Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen ibilbidea jasotzen dituzten liburua eta dokumentala: Beste Larogei Urtian. Izan ere, aurten 25 urte betetzen dira Euskal Herriko Bertsozale Elkartea sortu zenetik.

500 bazkiderekin hasi zen elkarte hura, 2300 bazkidetakoa da egun. Soldatapeko langile bakarreko elkarte hura, 69 langiletakoa da egun. Ikaslerik ez zuen elkarte hark, 20.000 ikasletik goiti ditu egun. Hamaika dira berriz bidean gainditutako traba eta krisiak: ekonomikoak, instituzionalak, Elkartearenak berarenak… Eta milaka bertsozale, 25 urte horietan barrena, une baterako edo luzaroko, Elkartean borondatez engaiatu direnak.

Alberto Barandiaran kazetari iruindarra izan da liburua eta dokumentalaren gidoia idatzi dituena. Horretarako mila txosten eta agiri irakurri ditu eta ehunka argazki eta bideo ikusi. 25 urteotan Elkarteko bazkide izan diren 40 lagun inguru elkarrizketatu ditu gainera.

Liburuak 9 atal ditu: Elkartea sortu aurretik zegoen testuingurua azaltzen duen atalarekin hasten da, eta etorkizuna margotzen duen atalarekin bukatzen. Tartean daude 25 urte hauetako une, gune, gertakizun, eztabaida, erabaki esanguratsuenak jorratzen dituzten beste 7 atalak.
Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, Iñaki Murua, Ainhoa Agirreazaldegi, Arantza Mariskal eta Aritz Zerainen elkarrizketa sakon eta interesgarriak ere badatoz.

Irakurleak liburuaren atzeko aldean aurkituko du dokumentala, DVD batean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button