Nontzeberri

Kalitatezko zinema zikloak Muxikebarrin, martxotik maiatzera

Atzo hasi zen Getxon martxotik maiatzera iraungo duen ekimena:Zinemabarri Zine-Kluba. Helduen zikloak film luzeak nahiz laburrak eskainiko ditu, kalitatezkoak eta interesgarriak. Ostegunetan izango da, Areeta aretoan, 20:00etan. Bestalde, Zinematxiki Haur Zinea zikloan umeei zuzendutako filmak emango dira, igandeetan, 12:00etan, areto berean.

Zinemabarri Zine-Kluba zikloak kalitatezko zinema pantailaratzeko apustua egingo du. “Filmak hautatzeko irizpide nagusiak kalitatea eta originaltasuna izango dira, bai eta aniztasuna ere. Hainbat herrialdetako ekoizpenak emango dira, eta arreta berezia emango zaie europarrei eta estatukoei”. Jarduera aberasteko asmoz film laburren formatuaren aldeko apustua ere egingo da, eta film luzearen aurretik labur bat pantailaratuko da. Gainera, saio bakoitzeko emanaldiaren amaieran zineforuma egongo da bertaratuko diren gonbidatuekin.

Atzo, Ander Gaztelu-Urrutiaren El hoyo filmarekin hasi zen zikloa. Haritz Zubillaga zuzendari euskaldunaren Las horas muertas film laburra ere eman zuten. Hilaren 12an, David Perez Sañudoren Un coche cualquiera film laburrak irekiko du saioa, eta horren ostean Marco Bellocchio zuzendariren El traidor emango da. Hilaren 26an, Sonia K. Hadad ekoizle iraniarraren Exam film laburra eta El joven Ahmed luzea eskainiko dira, biak ere azpitituludun jatorrizko bertsioan. Azken hori Dardenne anaiek zuzendu dute, Canneseko azken jaialdiko zuzendaririk onenaren sariaren irabazleek.

Bestalde, Zinematxiki Haur Zinea zikloak ere film laburrak eta luzeak pantailaratuko ditu, eta hilean behin, gutxienez, euskarazko emanaldi bat egongo da.

Exit mobile version