MUSIKA

“Txori Kantazale” disko-liburua kalean da

Joana Otxoa de Alaiza eta Alex Gurrutxaga sortzaileen lana da Txori Kantazale, Xabier Leteren ildoan disko-liburua. Bihar, ekainak 8, 11:00etan aurkeztuko dute Donostiako Udal liburutegian. Proposamen horrek Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria jaso zuen 2020an.

Xabier Leteren (1944-2010) obrak interes literario, musikal eta kultural nabarmena dauka. Haren abestiak ezagunak dira, eta ohikoa da haien bertsioak egitea, baina Txori Kantazalek harago joan nahi izan du eta Otxoa de Alaiza eta Gurrutxaga bikoteak pianorako obra bat sortu eta azalpen literarioekin osatu du, Leteren mundu poetiko eta musikaletik abiatuz.

Txori Kantazale “ez da ohiko bertsio disko bat, baizik eta Leteren unibertso poetiko eta musikalean inspiratutako piano solo lan bat. Musikaren inspirazio iturri gisa, hainbat alorretatik edan du Otxoa de Alaizak. Batetik, noski, Leteren melodien oihartzunak daude hainbat piezatan. Bestetik, ordea, Leteren obrarekin harremanetan dauden musikek ere badute tokia. Lau iturri aipa daitezke bigarren ildo honetan: beste musikari batzuen doinuak, herri kantutegia, musika klasikoa eta bertsolaritza.  Joxan Goikoetxeak kolaboratu du akordeoiarekin bi abestitan, eta Alex Gurrutxagaren ahotsa entzun liteke, errezitazio sotil gisa, hiruzpalau piezatan. Testuari dagokionez, saiakera literario bat eskaintzen du Gurrutxagak. Leteren obrari buruzko ideiak dakartza bere testura, modu zorrotz bezain pertsonalean.”

Txori Kantazale Gasteizen (Santa Maria Katedrala eta Oihaneder) eta Bilbon izan da dagoeneko. Uztailaren 8an, Astigarragan izango da (Erribera Kulturetxeko terrazan), eta uztailaren 15ean, Getariako Elkano jatetxean.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button