Nontzeberri

Kaleko Artisten Azokaren XXI. edizioan parte hartuko duten konpainiak

Umore Azoka Leioak  aukeratu ditu Kaleko Artisten Azokaren XXI. edizioan parte hartuko duten konpainiak. Guztira 43 konpainia izango dira herri horretako kaleak eta plazak hartuko dituztenak. Gainera, egingo dituzten ikuskizun gehienak estreinaldiak izango dira

Kaleko Artisten Azokaren XXI. edizioa, aurreikuspenen arabera, maiatzaren 14, 15, 16 eta 17an egingo da. Koronabirusaren krisiak eta Alarma Egoera adierazpenak sortu duen zalantza hor dagoen arren, Leioako Udaleko Kultura sailaren iritziz, “Azken unera arte Umore Azoka Leioa ospatzeko ahaleginak egin behar ditugu, udalerrian eta inork aurreikusi gabeko egoera honen eragina oso modu gogorrean jasaten ari den arte eszenikoen sektorean duen eragin positiboarengatik”.

Azokako Batzorde Artistikoak munduko hainbat lekutatik etorritako 540 proposamen artistiko baino gehiago aztertu ditu. Aukeraketa egin ostean, egitarau “anitz, orijinal eta ikusgarria” osatu da, eta bertan Euskal Herriko 20 konpainiak, Estatuko 18k eta nazioarteko 5ek hartuko dute parte. Antzerki, zirku, dantza, performance, musika, txotxongilo, dantza bertikal, clown, jolas, magia eta mimika egingo dute talde horiek, eta 115 emanaldi burutuko dira aipaturiko egunetan.
Euskal Herriko 20 konpainiek beste horrenbeste ikuskizun erakutsiko dituzte, eta horietako 10 estreinaldi izango dira. Estatuko 18 konpainia etorriko dira Leioara: Kataluniako 5 konpainia, Valentziako Erkidegoko 3, Madrilgo beste 3, Andaluziako 2 eta Aragoiko, Gaztela-Leongo, Kanarietako eta Murtziako bana. 18 lanetatik, 10 estreinaldi izango dira.

XXI. Umore Azoka Leioak ere Kenyatik, Japoniatik eta Ukrainatik etorritako konpainiak hartuko ditu. Beste aldetik, Alemaniako, Belgikako edo Mexikoko profesionalak eta Portugalgo azoka nagusietako arduradunak Leioan egongo dira aurten.

Parte hartuko duten taldeak zeintzuk diren jakiteko, Umore Azoka Leioak daukan webgunean begiratu ahal duzue.

Exit mobile version