ESZENA

Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiak bi deialdi luzatu ditu

Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak (Kaleka) bi deialdi egin ditu datorren uztailaren 18tik 21era ospatuko duen edizioaren aurrerapen gisara.

Aurtengoan 30 urte beteko dituen honetan, ekoizpen taldean parte hartzeko deialdia egin du batetik. Bertan, 18 urte baino gehiago eta gogotsu dagoen edonork parte hartu ahal izango du.

Deialdi hau, antolatzaileen esanetan, “ekoizpen taldearen parte hartzeaz gain,  sektoreko jendea ezagutzeko, gaur eguneko sorkuntzaren munduan barneratzeko, eta kale arteen esparruko profesionalen esperientzia jasotzeko aukera paregabea da”.

Eta bigarren deialdia, Lokke, Olatz de Andres dantza konpainiak aurkeztu berri duen The Big Game proiektuko bertsio berrian parte hartzeko deialdia da.

Ikuskizuna, Kaleka Jaialdian, uztailaren 19an estreinatuko den
dantza, arte eszenikoak eta antzerkigintza uztartzen dituen lana da, eta 28 boluntario behar dituzte, antzerki taldeko dantzariekin parte hartuko duten tailerrerako. Deialdi hau aurre-profesionalei, ikasleei, dantza-antzerki edota mugimenduarekin zerikusia duten esparruekin interesa dutenei zuzendua dago.

Deialdiotan interesa duenak ekainaren 5a  baino lehen eman beharko du izena Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak duen web atarian.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button