LITERATURA

Txillardegiren “Elsa Scheelen” nobelaz

Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, eta Txillardegi gogoratzeko, Elsa Scheelen nobelaren irakurraldi dramatizatua egingo dute gaur, 20:00etan. Ekitaldian Dorleta Urretabizkaia (berak egokitu ditu testuak), Asier Hernandez, Joseba Urzelai, Koldo Izagirre eta Fito Rodriguezen parte-hartzea egongo da. Maddi Zubillaga biolinistak musika jarriko du.

Elsa Scheelen (1968) eleberriarekin Txomin Agirre eleberri saria irabazi zuen Txillardegik. Narratzaile orojakilea baliatu zuen donostiarrak izen bereko (Elsa Scheelen) protagonistaren bizimoduaren gorabeheren berri emateko. Bada, eredu klasikoagoa hautatze horrek kritikak ekarri zizkion. Narratzaile horrek Elsaren bizimoduaren berri ematen du, senarrarekin banatu eta maitasun zapuztua bizi izanaren ondorioz deseinganaturik dago, ez du harreman berririk nahi, eta inguratzen duen mundutik ere ihes egiten saiatzen da.
Ihes horren gailurra heriotza da eleberri honetan ere: lo egiteko pilulen gaindosiaren ondorioz hiltzen da Elsa. Istorioa Bruselan dago kokaturik, eta idatzi zen garaiko gizarte-kezka eta eztabaidagaiak ageri dira: Vietnam, Martin Luther King, marxismoaren baliagarritasuna, etab. Eleberri honetan, baina, “pertsonaien problematika existentzialak berriro ere pisu gehiegizkoa hartu zuen” Olaziregiren ustez.
Aditu askoren aburuz, Elsa euskal literaturaren benetako lehen emakumea izan zen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button