ARTEA

Jumana Manna eta Uriel Orlow artistak udako protagonistak, Donostiako Tabakaleran

Jumana Manna eta Uriel Orlow artisten erakusketak aurkeztu ditu Tabakalerak, Donostiako  Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak.

Mannak eta Orlowk ezagutzen dute bata bestearen obra eta antzeko gaiak lantzen dituzte. Hala euren ekoizpen artistikoetan botere harremanak dira nagusiki ardatz, eta botanika edota taxonimia baliatzen dituzte horretarako. Artxiboa aldiz, “historia eta ezagutza sortzeko bidetzat ulertzen dute”, Ane Rodríguez Armendariz Tabakalerako kultur zuzendariaren esanetan. “Testuinguru horretan zalantzan jartzen dituzte jakintza hori sortzeko aintzat hartutako logikak”, gehitzen du Rodríguezek.

Ane Agirre Loinaz eta Jone Alaitz Uriarte erakusketetako lantaldeko kideen arabera, “herriaren ezaguera eta botereak, bere historia propioa idazteko eta ezaguera hori bere egiteko moduen arteko talka aztertzen dute artistek, botere hori, akademikoa, politikoa edota ekonomikoa izanik ere”.
Hala, Manna estatubatuarraren obrak “Ekialde Erdialdeko gogoeta historiografikoak eta geopolitikoak ditu ardatz, haien inguruan gaurkotasun handiko gaiak jorratuz, esaterako, kolonialismoa, kultur trukea edo boterea”, diote Agirre eta Uriarte arte komisarioek.

Uriel Orlow suitzarraren erakusketak aldiz, bere bi lan berrienak jarri ditu ikusgai: Theatrum Botanicum eta Soil Affinities, hain zuzen.  Bertan, Mali eta Senegal Europako koloniak izan ziren, eta herrialde horietan isilarazi eta izkutatu zituzten gaiak islatzen dira. Afrikan emandako garaian, artistak bertako hazi eta landareen azterketa egin zuen eta horiek botere egituratan sorrarazi dituzten loturen inguruan sakondu zuen. Guzti horrek eragindako gogoetak jasotzen ditu hortaz Orlowen obrak, bideoa, argazkia, soinua, marrazketa edota dokumentuak uztartuz.

Hezkuntza komunitateari zuzendutako jarduerak ere programatu ditu Tabakalerak erakusketa honen harira. Programaren helburua, antolatzaileen esanetan, “erakusketak biltzen dituen kontzeptu unibertsalak gure egunerokotasunera hurbiltzea da”. Bertan, bisita gidatuak, solasaldiak edota hazi bilketa proposatzen dira, “jaten duguna ezagutzeko edota hazien ezaugarriak eta baztertutako ezagutzen inguruan hausnarketak sustatu asmoz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button